Erabilera anitzeko aretoa ireki da Antoiun

TTIPI TTAPA 2007ko urriaren 1a

Erabilera anitzeko aretoa inauguratu zuen udalak Antoiu 27ko 2. solairuan, Osasun Zentroaren parean. Ekitaldia bereab ANFASekin lokala erabiltzeko hitzarmena ere sinatu zuten Koldo Erkizia alkateak eta Javier Arbona, ANFAS elkarteko zuzendari gerenteak. Areto berriak Bortzirietako gizarte gaiei aterabidea eman nahi die. Hala, ANFAS elkartearen aldetik Arreta goiztiar programa eskainiko da.

Emakumearen arreta zerbitzua ere bertan izanen da eta erditzerako prestaketa ikastaroetan hasiak dira dagoeneko. Norbera ongizateko lantegia ere aretoan eskainiko da urriaren 2tik azaroaren 8ra eta azaroan eta abenduan jubiloteka ere izanen da, normalki adinekoak zaintzeko lana izaten duten emakumeei denbora libre gehiago eta adinekoei dibertsioa eskaini nahi dien zerbitzua.

Senda Fundazioak ere dolua bizi duten pertsonak bildu nahi ditu areto berrian. Hamabortz egunetik elkartuko dira, asteazkenetan arratsaldeko 7:30etik 9:30era eta norbaitek taldean parte hartu nahi badu 948 258153 telefonora deitu behar du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun