Udal igerileku estalia heldu den urte hasiera baino lehen ez da irekiko

TTIPI TTAPA 2007ko urr. 1a, 13:59

Geotermia eta eguzki-plaka sistema jartzeak lanen gibeleratzea eragin du

Lesakako udal igerileku estalia ez da urrian irekiko, iragarria zegoen bezala, heldu den urte hasieran baizik. Irailaren 21ean emandako prentsaurrekoan lanak gibeleratu direla eta horren arrazoiak jakinarazi zituen Udalak, Koldo Erkizia alkatearen eta Jose Mari Flores Kirol zinegotziaren bitartez.
Alkateak jakinarazi duenez, lanen gibeleratzearen arrazoi nagusia, hasierako proiektuan aurreikusi ez ziren klimatizazio lanak egitea da. Hain zuzen, geotermia eta eguzki-plakak instalatuko dira. Inbertsio handia eraginen badute ere, epe laburrean amortizatu eta urtean 8.000 eta 10.000 euro arteko energia aurrezpena ekarriko du inbertsioak.
«Geotermia ezartzeak –zioen Erkiziak– 134.000 euroko aurrekontua zuen eta 40.000 euroko dirulaguntza izan dugu; eguzki-plakak paratzeko, berriz, 150.000 euroko inbertsiorako 70.000 euroko dirulaguntza izan dugu. Eguzki-plakak ura berotzeko erabiliko dira eta geotermia, ura eta haizea freskatzeko».
Kiroldegia kudeatuko duen enpresak, Urdik, instalazio berria ireki bitartean herriko bertze lokaletan emanen ditu ikastaro ezberdinak, Fermin Unzu zuzendariak aipatutakoaren arabera. Antolatu diren ikastaroen berri eman zuen Leire Portu koordinatzaileak. «Lehenbiziko programa hau adin guzietako jendeari zuzendua dago, lau urtetik hasi eta hirugarren adinera bitarte eta herritarren kirol aktibitate beharrak asetzea espero dugu. Aktibitateak pilates, Taichi, yoga, mantenimendu gimnasia, aerobika, sevillana dantzak, 4-11 urteko haurrentzako multikirola, karatea, gimnasia lasaia eta dantza latinoak izanen dira». Dena den, instalazio berria irekitzen denean, ikastaro gehiago ere izanen dira, igeriketa, aquaerobika, jaioberrientzat igeriketa edo igeriketa terapeutikoa, bertzeak bertze.

324 bazkide udako kanpainan

Abuztu eta irailean, udako igerilekuan egindako kanpainan instalazio berrirako 324 ibazkide egin direla jakinarazi du Urdik eta hauek abantailak izanen dituzte orain emanen diren ikastaroetan. Bazkideak lortzeko kanpaina urte bukaera arte luzatuko da eta Lesakan ez ezik, inguruko herrietan ere eginen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun