Azpiegitura lanetarako 701.329 euroko dirulaguntza jaso du Udalak

TTIPI TTAPA 2007ko urriaren 1a

Inbertsio osoa 1.536.084 eurokoa izanen da

Berako Udalak egin behar dituen hamar azpiegitura lan ezberdinetarako 701.329 euroko dirulaguntza eman du Nafarroako GobernuKO Toki Administrazio DepartamentuaK. Inbertsio osoa 1.536.084 eurokoa izanen dela kontuan hartuz, erdia baino guttixeago subentzionatuko dute Iruñetik.

Lanei dagokienez, Legia karrikako 19, 21 eta 23 zenbakien artean dagoen ur-hornidura sarea berrituko da. Legia karrikaren zolaberritzea ere eginen da, Kanttonberri paretik Altzate karrikako bidegurutzeraino. Berako plaza aldera bezala, galtzada-harria jarriko da Altzate aldera ere.

Jamotenea-Kaxerna inguruko zolaberritze lanak ere eginen dira. Horrela, udal igerileku aldera joateko, Labiaga ikastolarako eta zenbait etxebizitzetarako maldan zola berria emanen da eta bide ondoan aparkalekua ere egokituko da. Hegoaldea karrikako ur-hornidura sarea ere berrituko da. Ur-hornidura sarea egiterakoan, argindarrerako kanala ere eginen da, etorkizunean lur azpitik eraman ahal izateko.

Hegoaldea karrikan berean, euritako ura biltzen duen sarea eta zola berrituko dira. Espaloiak egoera onean daudenez, ez dira berrituko. Uraldea karrikako zati batean hornidura sarea berrituko da eta zuloa eginen dela probextuz, Udalak etorkizunean argindar, telebista eta telefono sareak sartzeko kanalizazioa ere eginen du bere aldetik.

Uraldea karrikako euritako sarea berritzeko eta zolaberritze lanetarako ere dirua jasoko da. Espaloiak bere horretan utziko dira eta Zia erreka gaineko zubian oinezkoak babesteko baranda paratuko da berriz ere. Lanik handiena, saneamendu kolektore nagusia berritzea izanen da, gaur egun izaten dituen isuriak moldatu eta jasan behar duen hondakin-uren emaria murrizteko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun