Joseba Aranibar Almandozen atxiloketaren harira, Berako Etxerat elkarteak hurrengo osoko batzarrean premiaz tratatu dadin, mozio bat aurkezu zuen udaletxean uztailaren 16an. EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren eskubideen taula agertuz eta gaiaren kokapena egin ondoren honako puntu hauek eztabaidatu eta onar ditzaten eskatzen zitzaion udalbatzari:
-Bere elkartasuna adieraztea Joseba Aranibar nahiz Imanol Larrañaga beratar preso politikoei eta beraien senide eta lagunei.
- EPPKren eskubideen taulan jasotako eskubideak aplikatuz, euskal preso politiko guztiak Euskal Herriratuak izan daitezen eskatzea espainiar nahiz frantziar gobernuei.
- Hau hala izanik, konpromisoak hartzeko prest agertzea.
- Mozioaren edukia herritarrei jakinaraztea eta komunikabideetara bidaltzea.
Baina mozio honek egun haietan zuen gaurkotasuna premiaz tratatzea ez zitzaien egokia iruditu EA, EAJ eta Aralarri eta geroagorako utziz, baztertu egin zuten. Aipatutako hiru taldeek elkarrekin adostutako beste mozio bat aurkeztu zuten abuztuaren 16an, besta ondotik, eginen zen osoko bilkurarako, non laburbilduz eta Titanic-en hondoratzearen errudunak seinalatu ondoren, erabaki hauek onartu ziren:
- Joseba Aranibarrentzat errugabetasun printzipioa, etxetik hurbil egoteko eskubidea eta inkomunikazio denboran hartutako deklarazioa deuseztea.
- Guztion sufrimendua aitortuz, gatazkaren humanizazioa aldarrikatzea.
-Sakabanaketaren ondorioz, presoen senideek jasaten duten sufrimendua ekiditea eta Imanol Larrañaga eta Joseba Aranibar presoen senide eta lagunei elkartasuna adieraztea.
- Euskal herritar orok zigorra bere inguru sozialean bete dezala aldarrikatu.
- Gaixotasun sendaezinak dituzten presoek askatasuna duintasunez eskura dezatela.
- Mozio honen berri herritarrei eta komunikabideei jakinaraztea.
Batzar honetan, Etxerat elkarteak aurkeztutako mozioaren aurka egin zuten NaBaiko partaideek eta horrela bada, beraiena onartu zen.
Berako Etxerat