Dena prest dago Igantziko Sanmigel bestei ekiteko. Aurten lau egunekoak izanen dira Igantziko bestak, irailaren 28tik urriaren 1era, ortziraletik astelehenera. Altxaferoa, 2007ko igantziarrak botako du ortziral arratseko 8etan, baina oraindik ez dute jakinarazi nahi izan nor izanen den bestei hasiera emanen dien pertsonaia. Txupinazoarekin batera ezkil jotzea hasiko da. Gauerdian su artifizialak izanen dira eta Jalisko Band taldearekin dantzaldia. Txupinazoa, baino lehen, arratsaldeko 5etan mus eta partxis lehiaketa jokatuko dira.
San Migel eguna
Larunbatean, San Migel eguneko ohiko ospakizunak izanen dira. 10:30eam argisoinuak izanen dira txistulariekin. 11:30ean Mezan Nagusia izanen da San Migelen ohorez, herriko abesbatza, dantzari eta txistulariekin batera. 12:30ean bandera arbola eta ezpatadantzariak izanen dira. Arratsaldeko 7etan herri kirol saioa izanen da. Herriz herriko Nafarroako finalak bertan erabakiko dira eta Igantziko taldeak herrian txapela janzteko aukera izanen du. Herriz herri txapelketaren barrenean, lehen konbinadako finala Berriozar, Igantzi eta Garraldak jokatuko dute eta laugarren eta bosgarren posturako lehia izanen dute Basaburua eta Gure Txokoak. Koxkor biltzen, zaku laisterketan, aizkoran, korrikan eta arpanan aritu beharko dira lehen konbinada honetan. Bigarren konbinadan, hau da, harrijasotzea, txinga eramatea eta ingude altxatzea biltzen dituen konbinadan, liga sisteman jokatu dute txapelketa eta azken saioan Igantzi, Gure Txokoa, Garralde, Berriozar eta Basaburua arituko dira. Nafarroako emakumezkoen arpanlari txapelketan hiru bikotek parte hartuko dute: gaur egungo txapeldunak, Etxalarko Izaskun Ariztegi eta Lurdes Galarregi, Arbizuko Maitane Txueka eta Antsoaingo Susana Agerre eta Lezaungo Itziar Nuñez eta Ana Lopez. Bikote bakoitzak etzanda jarritako 45 ontzako enborrari 10 korte eman behar dizkio. Gauerditik aitzinera dantzaldia izanen da Gaubela taldearekin eta Zozongo perkusio taldeak emanaldia eskainiko du.
Igande goizeko 8:30etan betizuak izanen dira, Ezkonduen Egunari hasiera emateko. 10etan, gaiteroek karrikaz karrika argisoinuekin hasten diren bitartean, frontoian herriko haurren pilota partiduak hasiko dira. Ondotik, gazte eta afizionatuen arteko pilota partiden txanda izanen da. Arratsaldez, 5etan dantza jazz emanaldia eginen da eta bero, bertso-pilota saioan Lizaso eta Mañukorta izanen dira aurten, herriko pilotarien erakusle. Arratseko 8:30etan Muxikoak eta herriko dantzak izanen dira eta gauerditik aitzinera, dantzaldia Modestorekin.
Astelehenean haurren eguna ospatuko da. 10:00etan argisoinuak izanen dira txistulari eta trikitilariekin. Goiz eta arratsaldez gaztelu puzgarriak eta haurrentzako jokuak izanen dira. Eguerdian betizuak izanen dira txarangarekin. Arratsaldeko 5:30etan bonba japoniarrak izanen dira eta ondotik berendua. Aurtengo berrikuntzen artean, arratseko 8etan, asto lasterketa eginen da eta gauerdian galtza jario lasterketa, bestak umore onean akautzeko. Tartean. Modesto akordeolariarekin dantzaldia izanen da.