Hainbat zerbitzu bilduko dituen aretoa aurkeztu du Lesakako Udalak

Aitor AROTZENA 2007ko irailaren 26a

Antoiu 27ko aretoa erabiliko duten zerbitzuetako teknikari eta arduradunak. TTIPI TTAPA

ANFAS elkartearekin lokala erabiltzeko hitzarmena ere sinatu da

Lesakako udalak erabilera aunitzeko aretoa aurkeztu du gaur Antoiu 27ko bigarren solairuan, Osasun Zentroaren parean. Akitaldia aprobetxatuz, bidenabarkoan ANFAS elkartearekin lokala erabiltzeko hitzarmena ere sinatu dute Koldo Erkizia Lesakako alkateak eta Javier Arbona, ANFAS elkarteko zuzendari gerenteak. Erabilera anitzeko aretoa aitzineko legealdiko proiektua dela azpimarratu nahi izan du Deñe Abuin zinegotziak eta hori posible egiteko lan egin duten pertsona guziei eskerrak eman dizkie. Areto berriak Bortzirietako gizarte gaiei aterabidea eman nahi die. Honela, ANFAS elkartearen aldetik Arreta goiztiar programa eskainiko da.

Javier Arbona, ANFASeko kideak aipatu duenez, 2003. Urtean hasi zen 0 eta 3 urte bitartean duten haurrei atentzi goiztiarra Bortzirietan eskaintzen, ordura arte Iruñeraino mugitu behar izaten baitzuten haurrek eta gurasoek. 2003tik honat Bortzirietako 17 haurrei eskaini zaie zerbitzua, batez ere estimulazio orokorra eta logopedia arloetan. Lan hauekin segitzeko, areto berriko txoko bat dotore prestatua dago, haurrendako jostailu eta tresnekin. Anfaseko zuzendari gerenteak aipatu duenez, familiei informazioa eta aholkularitza emateko gizarte langile bat etorriko da hilabetean behin, ortziraletan 10etatik 1etara. Dena zen, zerbitzuak jendearen eskaria betetzen ez badu, gehiagotan ere etorriko litzatekela ere azpimarratu du. Nafarroako Gobernuko Ongizate Departamentuko Atentzio Goiztiarreko zuzendariak, Cristina Arregik ere zerbitzu honen eta Lesakako aretoa irekitzearen garrantzia azpimarratu nahi izan zituen.

Bertze hainbat zerbitzu

Baina Anfasena ez da areto berrian eskainiko den zerbitzu bakarra. Emakumearen arreta zerbitzua ere bertan izanen da eta erditzerako prestaketa ikastaroetan hasiak dira dagoeneko. Norbera ongizateko lantegia ere aretoan eskainiko da urriaren 2tik azaroaren 8ra eta azaroan eta abenduan jubiloteka ere eskainiko da. Ainhoa Guemes, Bortzirietako Berdintasun Arloko teknikariak, normalki adinekoak zaintzeko lana izaten duten emakumeei denbora libre gehiago eta adinekoei dibertsioa eskaini nahi dien zerbitzu honen nondik norakoak azaldu zituen.

Azkenik, aretoa erabiliko duen Senda Fundazioko Mirentxu Goienetxek hartu zuen hitza. Fundazio hau apirilean sortu zen eta Dolua bizi duten pertsonak elkartzea eta beraien bizipenei buruz solastea du helburu. Hamabortz egunetik elkartuko dira, asteazkenetan arratsaldeko 7:30etik 9:30era eta norbaitek taldean parte hartu nahi badu 948 258153 telefonora deitu behar du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun