Bortzirietako bertze herrietako bestetan egin zuen bezala, Cederna-Garalur elkarteak jaibusa antolatu du Igantziko Sanmigel bestetako ortziral eta larunbat arratserako. Agenda 21 programaren barrenean, mugikortasuna erraztea eta autoen erabilera murriztearekin batera, bestetan kotxea erabiltzeak eragiten duen arriskua saihestu nahi da. Horretarako, joan-etorriko autobusa izanen da Igantzira, 2 euroren truke. Igantzira joateko nahiz bertze herrietara bueltatzeko bi iltzuli eginen ditu autobusak, irailaren 28an eta 29an.
Beratik abiatuko da autobusa arratseko bederatziak laurden guttitan eta Toki-Onan eta Agerran hartuko du jendea, arratseko 9etan Lesakako suhiltzaileen aparkalekutik pasatuko da eta bederatziak eta laurdenean Etxalarko Landaburuatik, Igantziko Bi-Bidera bederatzi terdiak aldera ailegatzeko. Igantzitik Arantzara joanen da eta aparkalekuan hartuko du jendea hamarrak laurden guttian. Aranztarrak hamarrak aldera ailegatuko dira Bi-Bidera. Igantzira beranduxeago joan nahi dutenek ere aukera izanen dute. Beratik arratseko hameketan abiatuko da autobusa, ordu laurden beranduago pasatuko da Lesakatik, hameka terdietan Etxalartik eta hamabiak laurden guttian ailegatuko da Igantzira. Aranztarrek gauerdian izanen dute autobusa eta hamabiak eta laurdenean ailegatuko dira Igantzira.
Etxera buelta
Etxera bueltatzeko lehenbiziko autobusa, berriz, 3:30etan abiatuko da Bi-Bidetik eta Arantzara joanen da. Berriz ere Bi-Biden hartuko da autobusa 4etan eta ordu laurden beranduago Etxalarko Landaburuan izanen da, 4:30etan Lesakako suhiltzaileen aparkalekuan eta bortzak laurden guttian Beran. Gautxoriek bigarren aukera izanen dute. Aranztarrek 6etan hartu beharko dute autobusa Bi-biden. Etxalartarrek, lesakarrek eta beratarrek zazpiak laurden guttira arte besta luzatzeko aukera izanen dute. Ordu horretan abiatuko da autobusa, Etxalarrera 7etan, Lesakara zazpiak eta laurdenean eta Berara, 7:30etan, eguneko lehenbiziko argiekin eta errepidean inolako arriskurik hartu beharrik gabe, ailegatzeko.