Hamar azpiegitura lan ezberdinei ekiteko milioi terdi euroko inbertsioa eginen du Berako Udalak

TTIPI TTAPA 2007ko irailaren 26a

Handiena, saneamendu ur-kolektore berria egitea izanen da

Berako udalak egin behar dituen hamar azpiegitura lan ezberdinetarako 701.329 euroko dirulaguntza eman du Nafarroako Gobernuak, Toki Administrazio Departamentuaren bitartez. Inbertsio osoa 1.536.084 eurokoa izanen dela kontuan hartuz, erdia baino gutixeago subentzionatuko dute Iruñetik.

Lanei dagokienez, Legia karrikako 19, 21 eta 23 zenbakien artean dagoen ur-hornidura sarea berrituko da. 5.997 euroko inbertsioa eginen da eta dirulagntza 3.619 eurokoa da. Inguru honetako tuboak egoera kaxkarrean daude eta horregatik aldatuko dira. Legia karrikaren zolaberritzea ere eginen da, Kanttonberri paretik Altzate karrikako bidegurutzeraino. 55.376 euroko inbertsioa eginen da eta dirulaguntza 29.466 eurokoa da. Berako plaza aldera bezala, galtzada-harria jarriko da Altzate aldera ere. Jamotenea-Kaxerna inguruko zolaberritze lanetarako 39.893 euroko inbertsioa eginen da, 27.925 euroko dirulaguntzarekin. Lan honekin udal igerileku alderako, Labiaga ikastolarako eta zenbait etxebizitzetarako maldan zola berria emanen da eta bide ondoan aparkalekua ere egokituko da. Aspaldian igerilekuko erabiltzaileek, ikastolako guraso eta irakasleek eta inguruko bizilagunek eskatzen zituzten lanak dira hauek. Hegoaldea karrikako ur-hornidura sarea ere berrituko da. 2.915 euroko inbertsioa eginen da eta dirulaguntza 1.795 eurokoa da. Ur-hornidura sarea egiterakoan, argindarrerako kanala ere eginen da, etorkizunean lur azpitik eraman ahal izateko. Hegoalde karrika berean, euritako ura biltzen duen sarea eta zola berrituko dira. Espaloiak egoera onean daudenez, ez dira berrituko. 26.302 euroko inbertsioa aurrikusi da eta Iruñetik 18.411 euroko dirulaguntza ailegatuko da. Uraldea karrikako zati batean hornidura sarea berrituko da. 8.321 euroko inbertsioa eginen da eta Nafarroako Gobernuaren laguntza 5.021 eurokoa da. Zuloa eginen dela probextuz, Berako udalak etorkizunean argindar, telebista eta telefono sareak sartzeko kanalizazioa ere eginen du bere kabuz. Uraldea karrikako euritako sarea berritzeko eta zolebrritze lanetarako 15.367 euroko dirulaguntza eman dute, 21.953 euroko inbertsioari egiteko. Espaloiak bere horretan utziko dira eta Zia erreka gaineko zubian oinezkoak babesteko baranda paratuko da berriz ere.

Saneamendu kolektore berria

Lanik handiena, saneamendu kolektore nagusia berritzea izanen da, gaur egun izaten dituen ixuriak moldatu eta jasan behar duen hondakin-uren emaria murrizteko. 1.252.459 euroko inbertsioa egin behar da eta Nafarroako Gobernuaren laguntza 531.913 eurokoa da. Legia karrikan ur-horbidura sarea berrituko da. 52.472 euroko inbertsioari 7.339 euroko dirulaguntza emanen zaio. Proiektuaren barrenean, eta karrika zulatuko dela probextuz, Berako udaletxeak bere kargu eginen du argindar sarea etorkizunean lur azpian sartzeko kanalizazioa. Legia karrika ondoan euritako ura biltzeko sarea eta zola berrituko dira. 50.680 euroko inbertsioa aurreikusi da eta Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza 35.476 eurokoa da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun