Medicus Mundi erakundearen Milurteko Busa ailegatu da gaur Berako Toki-Ona Institutura. Mundu guziak osasunerako eskubidea duela aldarrikatu nahi du Gobenuz Kanpoko erakundeak. Asteazken eta ortzegunean Lekarozko Institutuan izanen da autobusa eta ortziral eta larunbatean Doneztebeko Mendaur Institutuan.
2000. urtean 189 estatuburuk eta gobernuburuk Milurteko Garapen Helburuak finkatu zituzten, munduko pobreziaren aurka borroka egiteko. Helburuak denetara 8 dira: 1. Pobrezia gorria eta gosea errotik desagerraraztea. 2. Lehen Hezkuntza unibertsala erdiestea. 3. Gizon-emakumeen arteko berdintasuna eta emakumeen autonomia sustatzea. 4. Haurren heriotza-tasa murriztea. 5. Amen osasuna hobetzea. 6. GIBari, paludismoari eta beste gaixotasun batzuei aurre egitea. 7. Ingurumenaren iraunkortasuna bermatzea. 8. Garapenerako munduko itun bat sustatzea. Milurteko autobusa gizartea sentsibilizatzeko eta garapenerako hezkuntza proiektua da, bigarren hezkuntzako ikasleei eta herritarrei zuzenduta eta Medicus Mundi erakundeak sustatzen du. Erakusketa ibiltaria da eta 2 urtez 12.000 kilometro egingo ditu.
Erakusketa honekin Nazio Batuen Milurteko Garapen Helburuak ezagutu eta aldarrikatzeko aukera ematen da. Bisitariak berak erakusketa honen protagonista nagusiak bilakatzen dira. 3 osagai ditu: 2 areto eta multimedia-gela bihurtu den autobus bat. Lehenengo aretoan Milurteko helburuen gaineko informazioa ematen da. Bisitariek autobus-txartel bana jasoko dute Osasun Unibertsala helmugara iristeko. Autobusa multimedia-gelatako erabiltzen da eta satelite bidezko konexioa du bisitariek Bolivian, Perun eta Camerunen dauden komunikatzaileekin hitz egin dezaten bideokonferentziaz. Hirugarren aretoak zerbitzugune baten itxura du. Zerbitzurako eta elkartasunezko konpromisorako gunea da, bisitariak osasunerako eskubidearen eta milurteko helburuen gainean dituzten eskaerak, nahiak eta iritziak adierazteko tokia.
Medicus Mundi 1962. urtean Alemanian sortutako nazioarteko osasun lankidetzako sare bat da. Elkarte honen helburua gizartean aldaketak egitera laguntzea da. Milurteko Busa 2007ko irailaren 20tik urriaren 23ra ibiliko da Nafarroan barna eta 8 herrietara iritsiko da, tartean Bera, Elizondo eta Doneztebe. Goizeko bisitaldiak eskola taldeentzako dira eta arratsaldekoak jende guztiarentzako. Busaren inguruan animazio jarduera bereziak antolatuko dira larunbatean Donezteben.