Eguraldia lagun, itzuli arrakastatsua egin zuten atzo Beran. Lehia alde batera utzi eta txirrindulariek hiru ibilbide izan zituzten aukeran: 28 kilometrokoa, 16koa eta 5 kilometrokoa ttikienentzat. Ibilbide luzean 98 lagunek parte hartu zuten, tartean Patxi Vila Berako txirrindulari profesionalak; ertainean 12 lagunek; eta ttikien mailan 24 haurrek.
Nahiz eta ez txapelketa izan, ibilbide luzean, helmugaratzen lehenbizikoak hiru hondarribiar izan ziren, ordu bat eta 35 minutu behar izan zituzten itzulia osatzeko. 16 kilometroko ibilbidean, berriz, Agustin Zubieta lesakarra izan zen ailegatzen lehena, eta haurretan Beñat Garaiar beratarra.
Joseba Lasarte, Gure Txokoako zuzendaritza batzordeko kideak Ttipi-ttapari erran dionez, antolatzaileek hagitz balorazio postiboa egin dute eta parte-hartze haundia nabarmendu du. Eskualdeko jendea ez ezik, Gipuzkoa aldetik etorritakoak ere ugari izan ziren: Irun, Hondarribia, Orereta, Lezo eta Andoain aldekoak, baita Nafarroakoak ere, Iruñea eta Atarrabiatik etorritakoak erraterako.
Itzuliaren ondotik, proban izena eman zutenen artean bi mendi bizikleta zozketatu zituzten. Ttikien artean suerteduna Joseba Mariezkurrena beratarra izan zen, eta gazteetan Pablo Moncayola. Hau ere beratarra.