Norbera ongizateko lantegia eta ludoteka aurkeztu dituzte

ttipi-ttapa 2007ko ira. 24a, 17:07
TTIPI TTAPA

Emakume helduei eta 3 eta 7 urte arteko neska-mutikoei zuzenduak

Norbera ongizateko lantegia eta herriz herri izanen den ludoteka aurkeztu dituzte astelehen eguerdian Bortzirietako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko Berdintasun Arloak eta Euskara Mankomunitateak.

Ludotekari dagokionez, Bortzirietako haurrek beren denbora librean kulturarekin eta harreman afektiboekin jostatzen eta gozatzen ikasteko gunea izanen da, berdintasunean oinarrituko dena. Bidenabar, gurasoei aukera bat eman nahi zaie seme-alaben heziketa gurasoen euren lanarekin edo denbora librearekin uztartu ahal izateko. Ludoteka bortz herrietan izanen da urriaren 1etik abenduaren 20a arte. Beran astearte eta ortzegunetan, arratsaldeko 17:00etatik 18:30era; Lesakan astelehenetan 16:30etik 18:00etara eta asteazkenetan 14:30etik 16:00etara; Etxalarren, asteazken eta ortzegunetan, 16:30etik 18:00etara; Igantzin, astelehenetan 16:30etik 18:00etara eta asteazkenetan 14:30etik 16:00etara eta Arantzan astearte eta ortziraletan, 16:30etik 18:00etara. Izen ematea 25 euro kostako da eta irailaren 28a baino lehen eman behar da izena 948 635036 edo 662251848 telefonoetan. Patri Arburua, Bortzirietako Euskara Mankomunitateko teknikariak jakinarazi duenez, ludotekan inmigrazioak dakarren kultur aniztasuna eta balore ezberdinak landu nahi dira, beti ere euskaraz, ikastetxeetan ikasten den erregistro formalari, jolasaren erregistro informala ere gehitzeko.

Norbera ongizateko lantegia emakumeentzat

Norbera ongizateko lantegia Bortzirietako emakumeei zuzendua da hainbat arlo landu nahi ditu: norberaren gaitasun eta trebeziak, ezetz erraten jakitea errudun sentitu gabe, kritikak nola egin eta jaso, gatazkak nola konpondu, emozioak, estresa eta autoestima… Azken finean, lana, bikotea, seme-alabak edo gurasoak garrantzitsuak izanik ere, norbere burua estimatu eta ongi sentitzea da urriaren 2tik azaroaren 8ra Lesakako Emakumeen Harrera zerbitzuan emanen den lantegi honen helburua. Bulego berri hau Antoiu 27ko bigarren solairuan dago, osasun zentroaren aitzineko aldean. Lantegia astearte eta ortzegunetan eginen da, arratsaldeko 16:30etik 18:30ak arte, hamabi saio guzira, eta izen emateko 20 euro ordaindu beharko da. Ainhoa Guemes, Bortzirietako Berdintasun Arloko teknikariak aipatu duenez, mezu positiboa eman nahi dute lantegi honetan eta horregatik, Gora Bizitza izenburua jarri diote tailerrari.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun