Udal igerileku estalia ez da heldu den urte hasiera baino lehen irekiko

TTIPI TTAPA 2007ko ira. 21a, 19:13

Geotermia eta eguzki-plakak jartzeak lanen gibeleratzea eragin du

Lesakako udal igerileku estalia ez da urrian irekiko, iragarria zegoen bezala, heldu den urte hasieran baizik. Ortziral eguerdian emandako prentsaurrekoan lanak gibeleratu direla eta horren arrazoiak jakinarazi ditu Lesakako Udalak, Koldo Erkizia alkatearen eta Jose Mari Flores Kirol zinegotziaren bitartez. Alkateak jakinarazi duenez, lanen gibeleratzearen arrazoi nagusia, hasierako proiektuan aurreikusi ez ziren klimatizazio lanak egitea da. Hain zuzen, geotermia eta eguzki-plakak instalatuko dira. Inbertsio handia eraginen badute ere, epe laburrean amortizatu eta urtean 8.000 eta 10.000 euro arteko energia aurrezpena ekarriko du inbertsioak.

“Geotermia ezartzeak 134.000 euroko aurrekontua zuen eta 40.000 euroko dirulaguntza izan dugu; eguzki-plakak paratzeko, berriz, 150.000 euroko inbertsiorako 70.000 euroko dirulaguntza izan dugu. Horrek lanen atzerapena ekarri du, baina heldu den urte hasierarako instalazioa irekiko da.”.

Kiroldegia kudeatuko duen enpresak, Urdik, instalazio berria ireki bitartean herriko bertze lokaletan emanen ditu ikastaro ezberdinak, Fermin Unzu zuzendariak aipatutakoaren arabera. Antolatu diren ikastaroen berri eman zuen Leire Portu koordinatzaileak. “Lehenbiziko programa hau adin guzietako jendeari zuzendua dago, lau urtetik hasi eta hirugarren adinera bitarte eta herritarren kirol aktibitate beharrak asetzea espero dugu. Aktibitateak pilates, Taichi, yoga, mantenimendu gimnasia, aerobika, sevillana dantzak, 4-11 urteko haurrentzako multikirola, karatea, gimnasia lasaia eta dantza latinoak izanen dira”. Egitarau honetan izen emateko irailaren 24tik 28rako astean, goizeko 9etatik ordubata arte udaletxera joan behar da, kontu zenbaki batean kuotaren ingresoa egin ondotik. Informazio gehiagorako, 012ra deitu behar da. Dena den, instalazio berria irekitzen denean, ikastaro gehiago ere izanen dira, igeriketa, aquaerobika, jaioberrientzat igeriketa edo igeriketa terapeutikoa, bertzeak bertze.

Abuztu eta irailean, udako igerilekuan egindako kanpainan 324 bazkide egin direla jakinarazi dute Urdiko arduradunek eta hauek abantailak izanen dituzte orain emanen diren ikastaroetan. Bazkideak lortzeko kanpaina urte bukaera arte luzatuko da eta Lesakan ez ezik, inguruko herrietan ere eginen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun