Fagoaga ahizpak txapeldun eta azpitxapeldun Espainiako Kopan

TTIPI TTAPA 2007ko irailaren 17a

TTIPI TTAPA

Plater tiroketan jaun eta jabe direla erakutsi dute bertze behin. Duela bi aste Irungo San Martzial tiro zelaian jokatu zen denboraldiko azken proba olinpiar tiro modalitatean. Guztira estatu espainiarreko 25 lagunek parte hartu zuten, eta tartean Itsaso eta Jone Fagoagak. 17 eta 23 urteko ahizpa hauek saio txukuna egin zuten: Itsaso txapeldun gelditu zen eta Jone bigarren postuan. Kontent egoteko arrazoirik ez zaie falta ez; olinpiar tiroko zirkuituak hiru proba ditu: Errege Kopa, Espainiako Txapelketa eta Espainiako Kopa eta hiruretan Itsasok lehen postua eskuratu du, eta Jonek, bigarrena. Ahizpa gazteenak zaharrena garaitzen duen lehen aldia izan da oraingo hau, eta hurrengo denboraldian ere lehian segituko omen dute. Gisa berean, Itsasok Europako txapelketan aurten lortutako bederatzigarren postua hobetzea izanen du helburu hurrengo urtera begira, eta 2012ko Olinpiar Jokoetan ere begirada paratua du dagoeneko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun