Gure Txokoa elkarteak mendi bizikleta ibilaldia antolatu du hamabosgarren urtez

TTIPI TTAPA 2007ko irailaren 17a

Berako Gure Txokoa elkarteak hamabosgarren urtez antolatutako antolatutako mendi bizikleta ibilaldia igande honetan, irailaren 23an eginen da. Bertze urteetan bezala, Gure Txokoak partehartzea bultzatu nahi du eta ez konpetibitatea edo lehiakortasuna.

Hiru ibilbide aukeran

Horretarako, hiru ibilbide jarri dituzte aukeran. A ibilbideak 28 kilometro izanen ditu eta Matzadatik abiatuta, Zalain auzoa, Sarralla, Postas, Ibardin, Okalarre, Usategieta, Landagaita, Kaule auzoa, Lizuniaga, tiro zelaia, Idoia, Ardanbide baserria eta Suspel Ttiki auzoa igaroko ditu, berriz ere Matzadara ailegatzeko. Ibilbide hau egiteko 10 euro ordaindu beharko dira.

Bigarren ibilbideak 16 kilometro izanen ditu eta lehendabiziko zatia berdina izanen du. Hori bai, Usategietara ailegatzerakoan, Landagaitatik segitu beharrean, Zumalekura jautsiko da, Zia auzoan barna Matzadara iristeko. Honetan izen emateko 8 euro ordaindu beharko dira.

Azkenik, ttikien ibilbidea 14 urte bete ez dituzten neska eta mutikoei zuzenduko da. Furgonetan eramanen zaie Postas ingurura eta hortik Ibardinera igo, Usategietara joan eta Zia auzora jautsiko dira, ibilbidea Matzadan akautzeko. Izen ematea 5 euro kostako da.

Bi bizikleten eta kirol materialaren zozketa

Ibilbide guzietako parte hartzaileek jan eta edateko hornidurak izanen dituzte Usategietan. Proba goizeko 10etan abiatuko da Berako Matzada futbol zelaitik eta partehartzaileek dutxak izanen dituzte futbol zelaian bertan, bizikletak garbitzeko zerbitzua Matzada inguruan eta mediku asistentzia, anbulantzia medikalizatuarekin. Proba akaututakoak hameketakoa eskainiko zaie partehartzaileei eta bi bizikleten eta kirol materialaren zozketa eginen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun