Azken hilabeteotako ezinegonek oraindik segitzen dute. Berako Manufacturas Alcok Enplegu-Erregulazioko Espedientea (ERE) aurkeztu du Nafarroako Gobernuko Lan Departamentuan. Xehetasunak ezagutzen ez badira ere, bi aukera omen daude, plantillan dauden 90 langileen lan kontratuak desegitea –batzuetan ehun langile izaten dira–, edo 30 lanpostu kendu eta segituko dutenen soldata %25ean murriztea.
Gobernuak jakinarazi duenez, lantegiak aurkeztu duen txostenak 200 bat orri ditu, eta joan den astean aurkeztu zuten. Zuzendaritzak emandako pausoak langileen artean ezinegona sortu du, eta lantegiaren etorkizuna aztertzeko astelehen honetan biltzekoak ziren zuzendaritzarekin langileak. Horregatik, lerro hauek idazterakoan, oraindik zehaztu gabe zegoen egitekotan, nola eginen diren ordainketak eta aurretiko erretiroak.
Badirudi Txinatik sortu den konpetentzia dela enpresak espedientea aurkeztu izanaren arrazoia. Alcok 40 urte daramatza Berako Zalain auzoan, eta lorategi zein hondartzarako altzarigintzan aritzen da. Bi produkzio lerro ditu, batetik, aulkiak eta mahaien tuboak egiteko, eta bertzetik, aulki zein eserlekuetan jartzeko kuxinak.
Enpresak argitaratutako datuen arabera, 22 milioi euroko fakturazioa du urtean, eta munduko lau kontinentetako 35 herrialdetara ailegatzen da. Salmenten %70a Espainian saltzen du, eta gainerako %30a atzerrian.