Diario de Navarran agertutako informazioei erantzunez hurrengoa adierazi nahi dugu: lehenik eta behin joan den asteartean publikatutako informazioak zuen izenburua asmo txarrez jarritakoa da, eta jende askorengan zalantza eta kezka sortu du. Ez da egia Baztango Na-Baik bere zinegotziek jasotzen dituzten dirulaguntzak igo eta UPNkoena jaitsi duenik, hortxe daude aktak nahi duenak irakurtzeko. Onartu diren dirulaguntzak ez dira talde politikoen arabera egin, baizik eta Udalean bakoitzak egiten duen lanaren arabera, egun osoko dedikazioa, dedikazio partziala edo gutxieneko dedikazioa (minimoa) (azken honetan UPNko taldeko zinegotziak sartuko lirateke).
UPNk erabaki du Osasuneko Zinegotzirik ez izendatzea, ez du Tokiko Gobernu Batzordean eskaini zaien tokia hartu, ondorioz UPNko oredezkariek Udalean egingo dituzten lanak gutxiengoak dira. Hau da 300 euro jasoko dituzte hilabetero, hilabetean behin plenoetara joateagatik eta zenbait komisioetan parte hartzeagatik, Udala kudeatzea berez ia osoki Na-Bairi egokituko zaio. Baztanen 600 euro kobratzen duten askok, nahiago zuten beraiek jasoko dutena hain lan eskasagatik.
Gan den asteleheneko Batzarrean, UPNri erran zitzaion Gobernu Batzorderako oraindik norbait izendatu nahi bazuen, aukera bazela. Na-Baiko Gobernu taldeak UPNri gehiegi eskaini diola uste dugu, bai aurreko urteetan baita oraingo legegintzaldian ere. UPNk agintea duen arras udal guttietan ematen baitzaio hitza oposizioari euren Gobernu Batzordeetan. Egia da aurreko legegintzaldian UPNk bi kide izan zituela Gobernu Batzoredan, baina konkretuki esperientzia honen ondorioz, ordezkari bakarra eskaintzearen erabakia hartu da. Aurreko urteetan ekarpen gutti eta eskasak egin baitituzte. Aurreko lau urteetan, UPNko zinegotziak publikoki egin diren ekitaldi gehienetara agertu dira, are gehiago komunikabideentzako argazkia egin behar bazen. Batzorde eta osoko bilkuretara ordea ez dira hainbertze agertu, kasualitatea ote?
Talde bezala, zera galdetzen diogu gure buruari, Bailararen alde lan egiteko hainbertze gogo badute, zergatik uko egiten diete eskaini zaien zinegotzi ordezkari postuari? Pasa den Osoko Bilkuran honakoak entzun genituen “Azaldu gaitzazue zertan datzan zinegotzi horren lana” edo “asmatu egin duzue postu hau, guri emateko”. Edozeinek lan egiteko gogo badu, edozein karteratan lana auserki dago urte aunitzetarako. Ezaguna da ere Gobernu taldeak duen eskumena “karterak” sortu, kendu edo berrizendatzeko. Gertuen dugun adibidea Nafarroako Gobernuarena izan da legegintzaldi honetan zenbait departamendu birmoldatu baititu.
Akitzeko, Na-Baik ez du “oposizioa ixildu” nahi edo “bere lana galarazi nahi” hala erran badute ere. Baina ezer gutti egin ahal izanen dute oposizio moduan bailararen alde, erabaki organoetan parte hartzen ez badute, Osoko Bilkuretara bakarrik agertuz. Azpimarratu nahi dugu, ez dagokiela UPNko ordezkariei erratea hartutako erabakiak legezko edo ez-legezko diren, Nafarroako Administrazio Auzitegiak izanen du azken hitza. Baztango UPNko taldeari erran nahi diogu, hitzak utzi eta ekintzekin has daiela, lanerako duen gogo hori erakus dezala, orain arte bederen ez baitu halakorik erakutsi.
Nafarroa Bai Baztan