Pasa den asteburuan Irungo San Martzial tiro eremuan, denboraldiko azken froga jokatu zen olinpiar tiro modalitatean, Espainiako kopa.
Guztira estatu mailako 25 tirolari hoberenak elkartu ziren froga honetan Kopa eskuratu asmoz.
Ez zen haizerik izan asteburuan eta horrek dezente lagundu zien kirolariei. Fagoaga ahizpek bere forma ona erakutsi zuten eta gazteena, Itsaso suertatu zen txapeldun, Jone bigarrena sailkatuz.
Olinpiar tiroko zirkutua 3 frogez osatuta dago: Errege Kopa, Espainiako txapelketa eta Espainiako kopa. Itsaso Fagoaga, 17 urteko lesakarra hiruetan lehena geratu da, eta bere ahizpa Jone, bigarrena.
Lehen aldia da ahizpetan gazteenak hiru txapelketetan zaharrena garaitzen duela eta heldu den urtean lehia bizia mantentzako asmoa dute.
Orain atseden hartzeko astia izango dute bi kirolariek eta maite duten zaletasunaz gozatzeko aukera izango dute, ehiza.
Itsasok aurten Europako txapelketan bederatzigarren postua lortu zuen eta heldu den urtean hori hobetu nahiko du. Gainera, 2012 urteko Olinpiar jokoetan begirada jarria du dagoeneko. Itsasok Berako Toki Ona institutuan bigarren batxilerra egingo du eta Jonek lan erlazioa ikasi du.