Igandean Igantzin 17. mendi bizikleta martxa ospatu zen. Denetara 128 txirrindularik hartu zuten parte, gehienbat nafarrak eta gipuzkoarrak.
Biltoki elkartea da antolatzailea eta aurten berrikuntza ugari sartu ditu. 2006 urte arte parte hartzaile guztien denbora guztiak erregistratzen ziren eta 11 kilometroko zirkuitu bati bi itzuli ematen zitzaizkion, baina aurten gauzak erabat aldatu dira. Mendi bizikleta martxa izena hartu du eta ez dago garaile edo galtzailerik.
Hala, mendi bizikletarako zaletasuna bultzatu nahi da, lehia kutsua kenduz.
Dena den, maila handiko txirrindulariek ez zuten hutsik egin eta bertan izan ziren Patxi Cia, Asier Apezetxea edota Juan Carlos Garro.
Martxak 28 kilometro zituen eta aldapa handiak nabarmentzen ziren.
Igantziko frontoian zegoen abiapuntua eta Allinekoborda baserrirainoko bidea egin zuten parte hartzaileek, handik Berrizaunera, Pagolako Egia igoz eta San Juan Xarretik pasatuz. Itzaszelaietatik Sastrinera jo zuten eta frogaren azken zatian Planta Bakar izeneko parajetik pasa ziren berriz ere frontoian bukatzeko.
Nahiz eta antolatzaileek sailkapenari garrantzia kendu nahi izan dioten, zaletuek bazekiten Asier Apezetxea eta Patxi Ciak parte hartu behar zutela eta hauek lehia modura hartuko zutela. Eta halaxe gertatu zen. Bi nafarrek zuten guztia eman zuten helmugan lehenak izateko.
Biek elkarrekin egin zuten martxa. Igoeretan Lizasoko kirolariak ia minutuko aldea atera zion aranztarrari, baina honek aldea murriztea lortu zuen eta azken metroetan esprintean erabaki zen froga. Asier Apezetxea izan zen bietan indartsuena.
Asier Apezetxeak larunbatean Lizarran Montejurrako igoeran garaipena eskuratu zuen eta igandean berriz ere helmugan azkarrena izan zen. Hurrengo hitzordua irailaren 23an izanen du Gorlizen jokatuko den Euskadiko bike maratoi txapelketan.
Hortaz sailkapenean Asier Apezetxea lehena izan zen, bigarrena Patxi Cia eta hirugarrena Andoaingo Asier Arregi.