Gorka Apalantzak irabazi du Aginako V. Auto Igoera

TTIPI TTAPA 2007ko ira. 6a, 13:14

Eskualdeko lehen sailkatua Koteto Altzugarai lesakarra izan da

Eguzki Sport Eskuderiak antolatuta, joan den igandean jokatu zen Aginako Auto Igoeraren V. edizioa. Bertan erabaki ziren Nafarroako mendiko txapelketa eta junior txapelketa. Igoera Gorka Apalantza gipuzkoarrak irabazi zuen, eta aitzineko aldian Pantxo Egozkuek ezarritako marka ere sei segundotan hobetu zuen. Bi txandatan jokatu zuten txapelketa, eta lehenbizikoan Apalantzak 2:44.00ean bukatu zuen proba, bigarrena, berriz, 30 ehunen beranduago.

Lehenbiziko zazpi postuetan sailkatu ziren gidariek lehen txandan egin zituzten denborarik onenak, eta bertze zazpik lasterketa utzi behar izan zuten arazo mekanikoak tarteko. Bigarren sailkatua Franc Cobo izan zen (2:46.40); Egoi Eder hirugarren gelditu zen (2:48.10); laugarren Aritz Egozkue (2:48.10) sailkatu zen eta iazko txapeldun Pantxo Egozkue bosgarren. 2:49.60ean bukatu zuen lehenbiziko txanda, bigarrena, ordea, ezin izan zuen bukatu, arazo mekaniko bat izan zuelako. Seigarrena Aitor Ramirez izan zen (2:55.10); zazpigarrena Iñaki Irigoien (3:10.80); zortzigarrena Jon Etxeberria (3:11.10); bederatzigarrena Jesus Barrena (3:13.30), eta hamargarren Jesus Iturburu sailkatu zen (3:17.50).

Junior mailan, lehendabizikoa Iosu Bidaurre izan zen, sailkapen nagusian 30. helmugaratu zen.

Eskualdeko auto-gidariei dagokienean, lehendabizikoa 19. postuan ailegatu zen helmugara, Koteto Altzugarai lesakarra. Bere mailan, ordea, lehena izan zen, Julen Gateu (23. postuan) eta Martin Villares urdazubiarraren aitzinetik. Azken honek entrenamendu saioan itxura ona eman bazuen ere, proban 32. helmugaratu zen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun