Irailaren 9an eginen da Biltoki Elkarteak antolatzen duen Igantziko XVII. Mendi Bizikleta Ibilaldia. Prestatu duten 28 kilometroko ibilbidea Igantziko plazan hasi eta bukatuko da. Tartean lau aldapa nagusi igo beharko dituzte txirrindulariek; hasi eta berehala Allineko Bordakoa, 7 bat kilometro egin eta Pagolako Egiara igotzeko aldapa, eta bukaeran Itzaszelaieta eta Planta Bakarrera ailegatzeko aldapak.
Izena emateko 15 euro ordaindu beharko dira, eta horren egiteko epea proba hasi baino ordu erdi bat lehenago bukatuko da, hau da, 10:00etan. Halere, 16 urte baino gazteagokoentzat parte-hartzea dohainik izanen da, eta aipatu, helduen kasuan, proba bukatzean dortsalak itzuliz gero, 5 euro itzuliko zaizkiela parte-hartzaileei. Segurtasun neurriei dagokionez, kaskoa beharrezkoa izanen da, eta antolatzaileek jakinarazi dutenez, gerta daitezken istripuak ez dituzte beraien gain hartuko. Proba bukatuta, maila guzietan garaikurrak banatuko dira, eta ondotik Biltokikoek prestatutako hamaiketakoaz gozatzen ahalko da. Nahi dutenentzat antolakuntzak dutxak eta bizikleten garbitzeko tresnak ere aurreikusi ditu.