Japoniako Hamamtsu hirian egin zen abuztuaren 5ean Munduko Kenpo-Kai Txapelketa. Toki berean, abuztuaren 4an, gerriko beltza lortzeko azterketak egin ziren. Nafarroako selekzioarekin bederatzi lagunek parte hartu zuten: Iban Telletxea, Alexis Villanueva, Rosa Pizzio, Jasone Iriarte, Gloria eta Laura Sanchez eta Julen Velez beratarrek, Odei Hernando etxalartarrak eta Rakel Ordoki doneztebarrak. Bi ekitaldietan parte hartu zuten eta emaitza bikainak lortu ere. Kenpo-kaiko gerriko beltza lortzeko azterketa Iban Telletxea, Jasone Iriarte eta Rakel Ordokik gainditu zuten. Azterketako frogen artean, bertzeak bertze, taula eta harriak puskatu eta sei kata ezberdin egin behar izan zituzten. Munduko txapelketan, aldiz, konbatean (neskak nesken aurka eta mutilak mutilen aurka) eta banaka borrokatu behar izan zuten parte hartzaileek. Proba indibidualean bikoteka borrokaldiak egiten dira eta galtzen duena kanporatzen dute. Proba honetan, kimuen mailan, Laura Sanchezek urrezko domina ekarri zuen eta bere ahizpa bikiak, Gloriak, brontzezkoa. Emakumezkoetan helduen mailan, Jasone Iriarte laugarren gelditu zen.
Aipatzekoa da Rakel Ordoki, Alexis Villanueva eta Arthur Rubaska poloniarrak Nazioarteko Selekzio bat ere osatu zutela, eta bigarren postua lortu zutela.