Asteburuan iraganen dira Agerrako bestak

TTIPI TTAPA 2007ko abuztuaren 22a

Ortziraletik igandera ongi pasatzeko aukerarik ez da faltako

Asteburuan ospatuko dira Agerra Berako auzoko bestak. Ortziral arratsaldean hasi eta igandean bukatuko dira.

Ospakizunak bertako frontenis txapelketako finalerdiekin hasiko dira arratsaldeko 19:30ean auzoko pilota-lekuan. Ordu erdi bat beranduago bestei hasiera ofiziala emanen dien altxaferua bota ondotik erraldoiak eta buruhandiak karrikaz karrika ibiliko dira Irats trikitilari taldearen laguntzarekin. Eguna bukatzeko auzo afaria antolatu dute.

Larunbata, Berako III. hirunakako saskibaloi txapelketarekin hasiko dute, goizeko 9:30etik aitzinera. Eguerditan berriz, bezperan bezala, erraldoiek eta buruhandiek kalejira eginen dute, eta ondotik frontenis txapelketaren finala jokatuko da. Arratsaldeko lehen orduetan, hau da 15:30etik aitzinera, haur jokoak antolatuko dituzte auzoan bertan, eta 18:00etan Luis Mari Apeztegiaren XXVI. oroimenezko sariari, kros herrikoiari, hasiera emanen zaio. Larunbat arratsa dantza eta bestari zuzendua izanen da 20:30ean Gure Txokoa dantza taldeak erakustaldia eskainiko baitu, eta 24:00etan Alaiki taldeak dantzaldia.

Agerrako besten azken eguna mezarekin hasiko dute eguerdiko 12:00etan. Ofizioa bukatu bezain laster aitzineko egunetan bezala erraldoi eta buruhandien txanda izanen da, oraingoan Beti Alai txarangarekin. Azken eguna izaki, bazkaria herrikoia izanen da hau ere Beti Alai txarangak alaiturik. Helduak mahaian segitzen duten bitartean haurrak puzgarrietan jostatzen ahalko dira arratsaldeko 16:00etatik 20:00etara ekarraraziko baitituzte. Bukatzeko Jalisko Bandek dantzaldia eskainiko du ilunabarrean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun