Joan den abuztuaren 5ean Berako lehen San Huberto modalitateko ehiza txapelketa egin zen Berako Idoia parajean. Nafarroako Ehiza Federazioak antolatu zuen, eta horretarako Berako Ehiza eta Arrantza Elkartearen laguntza izan zuen.
Ehiztari eta zakurraz osatutako 7 bikotek parte hartu zuten, eta horietariko bat izan zen Juanan Prieto Beratarra eta bere zakurra. Bertan egon zen ere gaur egungo Espainiako txapelduna Billabonako Modesta Iraola. Bikote bakoitzari 2 eper libratu zitzaizkion, eta ehiztarien erranetara zegoen zakurrak zituen abilezi guziak erakutsi behar izan zituen hori baita gisa horretako txapelketan kontuan hartzen dena, hala nola bilatzea, gelditzea eta ekartzea bertzeak bertze. Horretan hoberenak, Ikaztegietako Luis Maiz eta bere zakurra izan ziren. Lana txukun eta azkar burutuz, Berako lehen San Huberto modalitateko ehiza txapelketa haiena egin zuten.
Federazioko teknikariek lehiaketa egiteko aukeratu zuten lekua epaile eta parte hartzaileen gustuko izan zen zakurrak ongi aritzeko baldintzak bazituelako, eta epaile eta ikusliarrentzat ikuspegi osoa eskaintzen zuelako. Hortaz, Federazioko kide eta epaileek Nafarroako txapelketa jokatzeko oso aproposa izan daitekeela jakinarazi zieten Berako elkartekoei. Hauek ez zuten ideia baztertu baina beti ere behar den bezala antolatu ahal izateko garaiz abisatuak izanez gero.