Gure eskualdean Amabirjin bestak hainbat tokitan ospatzen dira: Zugarramurdi, Amaiur, Oronoz-Mugairi, Zubieta, Donamaria, Etxalar eta Arantza.
Arantza Bortzirietako herri txiki bat den arren, besten antolakuntzan ilusio eta gogo handia jartzen dute, herritar guztien parte hartzearekin.
Amabirjin egunean ohitura denez, meza nagusia izan zuten. Holakoetan jendeak ongi erantzuten du eta bertaratzen da. Segidan, prozesioa izan zen.
Behin elizkizunak bukatuta, jendea zain. Eguraldi sargori eta sapa zegoen, eta nahiz eta Arantza kasko batean egon eta zertxobait freskoago egon, dena behar zen. Jendea itzalean zain eta baita dantzari eta musikariak ere.
Poliki-poliki jendea herriko frontoian sartu eta jartzen hasi zen. Behin hau eginda, denak saioa ikusteko prest. Urrunetik herriko txistularien doinuak entzuten ziren eta hurbildu ahala, dantzariak ere agertu ziren.
Txikietatik hasi, gazte eta adinekoak ziren protagonistak.
Denak dotore jantzita, xuria eta gorriak protagonismoa hartzen zuela, baina San Ferminen oso bestelakoa, dena erran behar bada.
Guraso, ezagun, senitarteakoek…denek txalo zaparrada artean hartu zituzten dantzari fin hauek bere borondate eta ilusio guztiarekin prestatutako dantzak.
Ez zen saio luzea izan eta arin eta atsegina suertatu zen.
Behin bukatuta, protagonistekin egon nahi izan genuen.
Lehenik gurera txistulari bat ekarri genuen, azken finean musikak protagonismo handia hartzen baitu herrian eta hau behin eta berriz errepikatu dugun arren, ez gara oroitzeaz aspertzen.
Jendea pozik, bai dantzariak eta bai herritarrak. Denek elkarrekin argazkitxoa atera eta gero norberak bere bidea hartu zuen, azken finean famili giroko eguna baitzen asteazkenekoa.
Lan handia egiten dute Arantza bezalako herri txiki batean, eta hortxe, gibelean eta itzalean herritarrak daude, beraien borondate eta ilusio guztiarekin prestatzen bai dute ez bakarrik Amabirjin eguneko dantza saioa, baizik eta baita bezperakoa ere.