Beran argazki artxiboa ikusgai

TTIPI TTAPA 2007ko abuztuaren 2a

Berako kultura batzordeak udal argazki artxiboa osotu du eta herritar eta bisitarientzat ikusgai jarri du irailaren 2 arte. San Esteban bestak dagoeneko hasi dira eta benetan aukera polita suertatzen da garai bateko irudi eta zokoak ezagutzeko.

Dagoeneko artxibo baliotsua osatu da eta bizitza soziala, ekonomikoa, kulturala eta kiroletakoa bilduz. Herriko momentu eta pertsona garrantzitsuak eta 1975. urte arteko paisai eta garapena.

Artxiboaren lan hau ezagutzera emateko bi ekimen martxan jarri ditu uda honetan Berako kultur batzordeak.
Batetik, irailaren 2arte Berako kultur etxean erakusketa ikusgai dago.Ez da ohiko erakusketa, izan ere, 2 ikus entzunezko biltzen ditu eta garai bateko argazki eta tresnak ere. Bertzeak bertze, argitaragabeko grabazio zahar bada Jose Antonio eta Rosa Mari Errandoneak utzitakoa.
Erakusketaren diseinu eta koordinazio lana Maddi Irazokik egin du.

Bigarren ekimena denen orain arte Berako liburutegian zegoen argazki artxiboa denen eskura jartzea da. Momentu honetatik interesatuek dokumentu ondarea internet bidez ikusi ahal izango dute, www.berakoudala.net udal web orrian zintzilikatu baitute.
Gainera artxibo honek bilaketa sistema bat du eta argazkiak erraztasun handiago batekin aurki daitezke. Interneten aplikazio hau Eusko Ikaskuntzareren Euskomedia fundazioaren bidez egin da eta Berako udalarekin egindako hitzarmena dela eta, argazki artxiboaren tratamenduaren erantzulea da.

Bi ekimen hauen bidez Berako kultur batzordeak beratarrak gonbidatzen ditu etxe zokoetan dituzten argazki zaharrak ateratzera. Epe luzerako lana denez, helburua argazki gehiago biltzea da ondoko hilabeteetan eta artxiboa eguneratzen eta berritzen jarraitu.
Erakusketa egunero irekia dago igande arratsaldetan eta astelehenetan izan ezik. Ordutegia hauxe da: goizeko 10:00etatik 14:00etara eta arratsaldeko 16:00etatik 19:00etara. San Esteban egunean egun osoan itxita egonen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun