Nafarroako Herriz Herri Txapelketa larunbatean hasiko da Beran

TTIPI TTAPA 2007ko uztailaren 26a

Aurtengo txapelketan eskualdeko 3 ordezkari arituko dira, Gure Txokoa, Basaburua eta Igantzi

Heldu den larunbatean hasiko da Nafarroako Herriz Herri txapelketa Beran jokatuko den jardunaldiarekin. Aurten 5 taldek eman dute izena, Berriozar, Garralda, Gure Txokoa, Basaburua eta Igantzik.

Txapelketa bi proba konbinatutan jokatuko da. Lehenean, koxkor biltzea, zaku lasterketa, aizkora, korrika eta arpana sartuko dira, eta bigarrenean, harrijasotzea, txingak eta ingude altxatzea. Lehen proba konbinatuan, jokatuko diren lau jardunaldietako 3 onenak finalera pasako dira, eta sailkapena osatzeko bi denbora onenak gehituko dira. Bigarren proba konbinatuan aldiz, liga sistema erabiliko da, eta lau jardunaldietan egindako denborak gehituko dira txapelduna zein den erabakitzeko.

Larunbat arratsaldeko 19:30ean Berako Altzateko plazan jokatuko den jardunaldian lau taldek parte hartuko dute, Berriozar, Garralda, Gure Txokoa eta Basaburua. Oraingoan igantziarrek atsedena izanen dute. Ondoko larunbatean jardunaldia Elizondon izanen da eta orduan Berriozar, Garralda eta Igantziko taldeak lehiatuko dira. Finala irailaren 15ean jokatuko da Lantzen.

Bestalde, igande goizean, Nafarroako Koxkor Biltze Txapelketa jokatuko da Garesen. Aurtengo txapelketa lau lagunen artean erabakiko da eta hauen artean bi eskualdekoak dira, Etxalarko Iñigo Lasaga eta Igantziko Patxi Irazoki. Gainerako bi lehiakideak Berriozarko Iñaki Ekisoain eta Josu Jimenez izanen dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun