«Ez zaizkit txapelketa neurtuak gustatzen, eta proba bukatzea zen nire helburua»

TTIPI TTAPA 2007ko uztailaren 23a

Jeannie TELLETXEA Lesakako mendi bizikleta zalea TTIPI TTAPA

• Jeannie Telletxea 42 urteko lesakarrak Bardenas Extreme mendi bizikletaren X. edizioan parte hartu zuen joan den uztailaren 1ean, bertze hainbat lesakarrekin batera.
• 1.500 parte-hartzaile inguru izan ziren, eta emakumezkoetan laugarren sailkatu zen Jeannie, eta adinaren arabera, lehen postuan gelditu zen. Halere, txapelketak ez dituela batere gustoko aitortu digu.
• Lehenago bizikletan gehiago ibiltzen zela erran digu, orain lana eta haurrak tarteko, ibiltzeko denbora aunitzik ez baitu.

Pozik geldituko zinen Argedasen, Bardenas Extreme mendi bizikleta proban egindako lanarekin, ez?

Bai hagitz kontent. Ez da konpetizio bat eta ni horrexegatik atera nintzen. Hasiera batean asmoa atera eta proba bukatzea zen. Bidean ez genekien gibeletik gindoazen edo erdian, hasieran ez gindoazela bagenekien, baina gure helburua bukatzea zen. Tarte guztian aditu genituen jendearen animoak, batez ere emakumezkoen aldekoak, gutti ginelako eta hori eskertzekoa da. Azken aldera, «animo, laugarrena zarela!» oihuak aditzen nituen. Hagitz gustura akautu nuen, eta eguraldiak ere lagundu egin zigun. 100 kilometro inguru dira. Orografia ala eguraldi beroa, zein da gogorrena? Proba gogorra da bai, baina batez ere hauts aunitz dagoelako. Halere, batez ere eguraldiak egiten du gogorra saioa, orografia aldetik gogorra da mendian eta bidexketan barna ibili behar delako, baina extreme izena eguraldiagatik darama. Hagitz tenperatura altuak izan ohi dira, 40 gradu inguruan. Guk, ordea, suertea eduki genuen, goibel zegoen eta eguzkiak ez zuen berotu. Primerako eguraldia atera zen eta bide guztian hagitz gustura ibili nintzen.

Espero zenuen emaitza hori lortzea?

Ez ez! Nire asmoa proba bukatzea zen. Nik ez dut inoiz horrelako probatan parte hartu. Betidanik aunitz ibili naiz bizikletan, baina jende aunitz egoten den horrelako saio batean parte hartzen nuen lehendabiziko aldia zen. Niretzat zerbait berria zen, ez nekien nola ibili beharko nuen hainbertze jenderen artean, non kokatu eta ez nola ibiliko ote nintzen ere... Lesakatik emakumezko bakarra nintzen baina lesakar koadrila bat joan ginen harat, eta proba erdi aldera bukatu genuen.

Zenbateko dedikazioa eskaintzen diozu mendi bizikletari?

Ahal dugun neurrian ibiltzen gara. Haurrak izan baino lehenago aunitz ibiltzen ginen, bizikletan ez bazen mendian, baina orain guttiago. Haurrekin ere egon nahi izaten da eta norberaren zaletasunak banatu egin behar dira.

Berriz egiteko moduan bai?

Ez naiz batere lehiakorra eta ez zaizkit txapelketak gustatzen, baina aitortu behar dut Bardenas Extreme aunitz gustatu zitzaidala, hain zuzen, horregatik, ez delako konpetizio neurtu bat. Prestatzea ere polita da, azken batean, bizikletan ibiltzeko aitzakia bat da eta gustuko baduzu...

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun