Uztailaren 17ko arratsean alarma egoera piztu zen herrian, Arcelor Mittal lantegiko makina batek su hartu ondotik.
16. trena kaltetu eta sua piztu zen. Berehala kea herrira hedatu zen eta jendea beldur zen ke-pozoitsua izan zitekeela pentsatuz. Udaltzainek megafono bidez, segurtasun neurri moduan, leihoak ixteko eskatu zieten herritarrei.
Koldo Erkizia alkateak adierazitakoaren arabera, isurketak ez zuen inolako arriskurik eragin herritarrentzat. Errekuntzako gaiak su hartutako makinaren olioa eta ura ziren. Halere, badaezpada, leihoak itxi eta etxean geratzeko deia egin zen.
Laminazio trenak kalte handiak jasan zituen eta faktoriaren produkzioan eragina izan zuen. Alarma egoera 21:30ak eta 22:30ak bitartean mantendu zen. Egoera klimatologikoa nahiko ona zen, haize pixka bat baitzebilen, eta ondorioz, kea laster batean desagertu zen.
Arcelor Mittal faktoriako suhiltzaileek, Bera eta Lesakako suhiltzaile bolondresek eta Oronozko parkeko suhiltzaile profesionalek parte hartu zuten suaren itzaltze lanean. Faktorian eta suhiltzaileen artean, zorionez, ez zen zauriturik suertatu.