Bestak ailegatzeko egun gutti falta dira eta, urtero bezala, aurreko egunetarako ekitaldi ezberdinak antolatu dira. Basati elkarteak, adibidez, larunbat honetarako 4x4 autoen ikuskizuna prestatu du. Postan izanen da, 16:00etan. Egun berean, Gure Txokoa Elkarteak eta Nafarroako Herri Kirol Federazioak antolatuta, herri kirol jaialdia izanen da, 19:30ean Eztegara pilotalekuan. Bi zatitan banatuko da saioa: batetik, proba konbinatuak eginen dira (koxkor biltzea, zaku lasterketa, aizkoara, lasterka eta arpana) eta bertzetik, txinga, harria eta ingudearekin ariko dira. Eta 22:30ean, Josetxo Goia-Aribe eta Estitxu Pinatxok kontzertua eskainiko dute Herriko Etxeko Plazan, euria eginez gero, Kultur Etxean.
Abuztuaren 1ean, berriz, Imanol Zubieta Fash Futbito Txapelketako finala eta 3. eta 4. posturako partidak jokatuko dira Toki Ona kiroldegian. Sari banaketa, ondotik eginen den afarian izanen da.