Alderdi guztiek parte hartuko dute udal batzordeetan

TTIPI TTAPA 2007ko uztailaren 23a

Alkateak dedikazio esklusiboa eskainiko dio Udalari

Legealdi berrikoko lehen batzarrean izendatu ziren udal-batzorde ezberdinetako kideak. Talde guztiak (EAE, EAJ, Aralar, eta EA) batzorde arduradunak izanen dira eta batzorde guztietan parte hartuko dute. Josu Irazoki alkatea (EAE) Mendia eta Ingurugiro batzordearen buru izanen da Santiago Altzuguren (EAJ), Mari Sol Taberna (Aralar) eta Helena Santestebanekin (EA) batera. Alkatea, Jon Abrilekin (Aralar) Kirol Batzordean ere izanen da, nahiz eta honetan lehendakaririk ez egon. Ogasun eta Kontu batzordeko arduraduna Mari Sol Taberna izanen da, Josu Irazoki, Helena Santesteban eta Santiago Altzugurenekin. Jon Abril Kultura eta besta batzordeko arduraduna izanen da eta Aintzane Artola (EAE), Helena Santesteban eta Isidora Agirrerekin (EAJ) egonen da. Ramontxo Elgorriaga (EAE) Euskara batzordeko arduraduna izanen da Jon Abrilekin batera.

Osasun eta Gizarte gaien ardura Isidora Agirrek hartuko du, eta Helena Santesteban, Amaia Telletxea (EAE) eta Mari Sol Tabernarekin arituko da. Amaia Telletxeak Herri-Lan eta Hirigintza batzordeko ardura hartuko du Alfredo Goienetxe (EA), Josu Irazoki, Mari Sol Taberna, Santiago Altzuguren eta Jon Abrilekin. Industria, merkataritza, turismo eta nekazaritzako arduraduna Alfredo Goienetxe izanen da, eta Ramontxo Elgorriaga, Santiago Altzuguren eta Jon Abril arituko dira berekin.

Langileria batzordearen buru Josu Irazoki izanen da, Alfredo Goienetxe eta Isidora Agirrerekin batera, eta Gazteriaren Batzordean Aintzane Artola buru, Irazoki eta Abrilekin.

Udal Batzarrak hilabete bakoitzeko hirugarren asteko ortzegunean eginen dira, eta egun hori besta eguna baldin bada, bezperan.

Josu Irazoki alkateak dedikazio esklusiboa eskainiko dio Herriko Etxeari eta urtean 35.108 euroko soldata gordina irabaziko du (lantegian irabazten zuena), hamalau ordainketatan banatua.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun