Astearte gauean alarma egoera piztu zen Lesakan Arcelor Mittal faktoriako makina batek su hartu ondoren.
16. trena deritzon gunea kaltetua suertatu zen eta errekuntzak sua eragin zuen bertan. Berde koloreko laino lodi bat herri guztian zabaldu zen, nahiz eta denborarekin zuri kolorean bihurtu.
Lehenengo momentutik gai pozoitsua izango zenaren beldurra zabaldu zen eta udaltzainek megafono bidez herritarrei eskatu zieten leihoak itxi zitzaten segurtasun neurri moduan.
Koldo Erkizia alkateak adierazitakoaren arabera, isurketak ez du inolako arriskurik suposatzen biztanleentzat. Errekuntzako gaiak su hartutako makinaren olioa eta ura ziren. Deialdia egin zen jendeak leihoak itxi eta etxean geratzeko.
Laminazio trenak kalte handiak jasan ditu eta faktoriaren produkzioan eragina izan dezake.
Alarma egoera gaueko 21:30ak eta 22:30ak bitartean mantendu zen. Egoera klimatologikoa nahiko ona zen, haize pixka bat baitzebilen eta ondorioz, kea laster batean uxatu zen.
Arcelor Mittal faktoriako suhiltzaileek, Bera eta Lesakako suhiltzaile bolondresek eta Oronozko parkeko suhiltzaile profesionalek parte hartu zuten amatatze lanean. Faktorian eta suhiltzaileen artean, zorionez, ez zen zauriturik suertatu. Foru poliziaren agenteek beharrezko atestatua egin zuten.
Orain 2 aste sute itxurako bat egin zuten, beti ere langile eta herritarren arteko segurtasun neurrien aurre zaintza moduan.
Oroitarazi gaur egun Arcelor Mittal faktorian 700 langile aritzen direla.