Behin udala osatu eta alkatea izendatuta, Berako udalak lehen osoko bilkura egin zuen, eta bertan soldaten zenbatekoak erabakitzeaz gain, batzordeen eraketak egin ziren.
Alkatea den Josu Irazokik 35.108 euroko soldata gordina jasoko du eta hau 14 lansarietan banatuko da. Beraz, aurreko lantegian irabazten zuen soldata bera poltsikoratuko du. Irazokik erabateko dedikazioa eskainiko dio karguari eta horretarako uztailaren 10eko data jarri da.
Batzordeen banaketa ere egin zen. Alkatea mendi eta ingurumen batzordeen buru izango da eta berekin lan egingo dute EAJko Santi Alzugurenek, Aralarreko Mari Sol Tabernak eta EAko Helena Santestebanek. Kirol batzordean Jon Abrilekin osatuko du lan taldea.
Ogasun eta kontuetako burua Mari Sol Taberna izango da eta Helena Santesteban eta Santi Alzugurenekin osatuko du.
Jon Abril kultura eta besten batzordeen burua izango da eta EAE taldeko Aintzane Artolak, EAko Helena Santestebanek eta EAJko Isidora Agirrek osatuko dute taldea.
EAEko Ramon Elgorriagak euskara batzordea zuzenduko du eta lagun izango du Jon Abril.
Amaia Telletxeak hartuko du lan publiko eta hirigintzakoa, EAko Alfredo Goienetxe, Josu Irazoki alkatea, Mari Sol Taberna, Santi Alzuguren eta Jon Abrilekin.
Industri, merkataritza eta nekazaritza sailetako burua Alfredo Goienetxe izango da eta AEAko Ramon Elgorriaga, Santi Alzuguren eta Jon Abrilekin ariko da.
Langileriaren batzordearen burua Josu Agirre izango da eta taldean lan egingo du Alfredo Goienetxe eta Isidora Agirrerekin.
Gaztedi sailekoaren arduraduna Aintzane Artola izango da, eta berekin egongo dira Josu Irazoki eta Jon Abril.
Osoko bilkura hilabeteetako hirugarren ostegunean elkartuko da, eta besta izango balitz denek erabakiko dute ze egunetara aldatzen duten.