Larunbatean mendi bizikleta jautsiera Igantzin

TTIPI TTAPA 2007ko uztailaren 12a

Igantziko Biltoki elkarteak mendi bizikleta jautsiera antolatzen hasi zen orain 5 urte. Badira zenbiat kirolari herrian kirol modalitate hau praktikatzen dutenak eta beti kanpora joaten ziren lehiaketa eta lasterketetan parte hartzeko.
Biltoki elkarteari proposatu zioten hastea eta honela, Nafarroako eta Euskal Herriko txapelketak antolatu izan dira urte guzti hauetan.

3.000 euro inguruko aurrekontua du frogak. Epaileak ekarri arazten dira, denborak hartzen dituztenak, eta baita 2 anbulantzia ere. Normalki nahiko ongi joaten da dena, baina orain 3 urte nahiko lesio eta istripu suertatu ziren jautsieraren ondorioz.

50 lagun inguruk parte hartzen dute egunean berean antolaketan. Baina 3 hilabete lehenago hasi behar izaten dira dena lotzen. Lan gehiena patrozinadoreak bilatzea suposatzen du. Baina horrez gain, zirkuitua prestatu eta egun bereko luntxa ere moldatu beharra dago. Ez dira gauza gutxi, eta dena ongi lotu nahi izaten dute.

Irabazleak, oroigarria, txapela eta dirutan 170 euro inguruko saria eramanen ditu.
Horrez gain, jauzi txapelketa ere eginen da. Horretarako herriko aparkalekua prestatzen ari dira eta dagoeneko lur multzoak pilatzen ari dira herriko gazteak. Hauek ere sariak eskuratuko dituzte.

Parte hartzea, kopuruari dagokionez, urtero beretsua izaten da eta gure eskualdetik ere hurbiltzen dira. Bortzirietatik 5 inguru izaten dira, eta Baztandik bat. Horiez gain, Iruña aldetik eta Euskal Herriko beste probintzietatik ere hurbiltzen dira.
Fraindik abiatzen da lehiaketa eta aldapa handia dago iturrira iritsi arte. Arriskua eta kirola uztartzen dituen froga honetan eguraldiak ez du zerikusi handirik, parte hartzaileentzat behintzat, baina hori bai, ikusleek gozatu ederra hartuko dute laguntzen badu eta eguzkia agertzen bada.
Hitzordua, larunbatean izanen da arratsaldeko 16:30ean. Kirol modalitate honetako elitea ikusteko aukera izango da Igantzin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun