Beti Gazte elkarteak Pirineoetara ateraldia prestatu du

TTIPI TTAPA 2007ko uztailaren 12a

Azken urteetan Lesakako Beti-Gazte elkarteak Pirineoetara ateraldia antolatzen du.
Aurten abuztuaren 4 eta 5ean ospatuko da. Zehazki, Benasque alderdian izango da, eta Aneto mendia igotzeko aukera izango da. Etapa hau lehenengo egunean egingo da eta denek La Renclusa gordelekuan gaua pasako dute. Igandean bigarren etapa osatuko da eta zeharbide moduan egingo dute. Autobusa eguerdi aldera iritsiko da eta etxerako bidea igande gauean egingo da.

Gordelekuan Beti Gazte elkarteak 20 lagunentzako tokia erreserbatua du eta 30etara iritsi daiteke, eskaerek hala exijitzen badute.

Erreserban larunbateko afaria eta igandeko gosaria sartzen dira. Gainerako otorduak norberak bere kontu antolatu behar ditu.

Beti-Gazte elkarteko bazkideek erreserban lehentasuna izango dute eta autobusaren ordainketan laguntza egongo da. Bazkide ez den norbaitek interesa izango balu, 35 euro ordaindu beharko ditu autobusaren truk, eta horri gordelekua erantsi beharko zaio.

Autobusak dituen lekuak baino jende gehiago apuntatua egongo balitz, lehentasuna izen ematearen arabera izango da.
Gomendagarria da federatua egotea parte hartzeko, gaina egin edo ez. Gainera, kontutan hartu behar da, elurra izateko aukera badela, eta hortaz, gehienbat Aneto igo nahi dutenek beharrezko ekipoa eraman beharko dute: granpoiak, pioleta, arropa…

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun