Organoak Euskal Herrian kongresua martxan da

TTIPI TTAPA 2007ko uztailaren 11

Baigorriko organo elkarteak eta Etchevarriako Joseph abadeak organoen lagunen elkarteko 23. kongresua hartzen dute uztailaren 9tik 13ra. Organoen frankofono lagunen elkarteak bere egoitza Frantzian du eta norbanako nahiz elkarte ezberdinez osatua dago. Azken 23 urteotan, urteko kongresua eskualde ezberdin batean ospatzen da, nahiz Frantzian, nahiz bertze estatu batean. Hala, federazioko kideek ondarearen aberastasuna ezagutzeko aukera izaten dute.
Urtero federatutako elkarteak aunitz mugitzen dira nazioarteko kongresua hartzeko. 2007koa mugaz gaindikoa izanen da eta energiak batuko dira ongi atera ahal izateko.

Kongresu honen bidez, Euskal Herrian lan egiten duten elkarteek lehen aldiz elkarrekin lan egiteko aukera izango dute. 8 dira parte hartuko dutenak: Baigorri, Baiona, Donibane Garazi, Miarritze, Urruña, Donostia, Bilbo eta Iruñakoak.

Kongresuan 10 herrialdeetako kideak bilduko dira: Frantzia, Espainia, Belgika, Suitza, Kanada, Alemania, Ingalaterra, Italia eta Ameriketako Estatu Batuak. Euskal Herriko organista hauek gonbidatuak izanen dira: Loreto Aramendi, Jose Manuel Azkue, Oscar Candendo, Jose Luis Etchechipia eta Patxi Garcia Garmilla.

Asteazkenean Berako elizan Jose Luis Etchechipia organo joleak audizioa eskainiko du eta Nafarroako konposatzaileei omenaldia eginen die. Bere ibilbidearekin jarraitu, eta Donostira joanen dira. Jose Luis Etchechipiak Iruñeko kontserbatorioko karrera bukaerako saria eskuratu zuen. Montserrat Torrenten ikaslea izan zen hainbat urtez. Espainiako gazteen lehiaketan bigarren postua eraman zuen 1990. urtean. Egun, Iruñeko Pablo Sarasate Kontserbatorioko organo irakaslea da.

Berako organoaren ezaugarriei dagokienez, 1895. urtean eraiki zuen garai hartako euskal organista nagusienak, Aquilino Amezuak. 56 notetako 3 teklatu, 30 notetako pedala eta 23 erregistro dauzka.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun