Oninek alkatetzarako EAri botoa emateko arrazoiak agertu ditu

TTIPI TTAPA 2007ko uzt. 9a, 17:31

Funtzionamendu eredua aldatzea omen du helburu

Onin udal taldeak EAri botoa eman eta Koldo Erkizia alkate egin zuen bere jarrera azaldu nahi izan zuen ekainaren 27an eman zuen prentsaurrekoan.

Ideologi ezberdinez osaturiko talde anitza omen da Onin eta denek helburu bera omen dute, udal kudeaketa lortzea. Alkatetza eskuratzea zen nahia, ez boterea lortzearren, baizik eta funtzionamendu eredua aldatu eta azken urteotako agintezko kudeaketari amaiera emateko.

Onin taldeak agertu zuen ANVrekin elkarrizketak izan zituela Udala eratu baino lehen, beti ere legezkotasunaren barne eta bere ideiak kontutan hartuz. 4 ordezkarien bidez ANVri ahotsa ematea eskaini zioten, baina beti ere, negoziazioetan Udalean aldaketa bat eman zedin akordioa lortzen bazen bi taldeen artean. Hauek akautu baino lehen, alkate berria izendatu behar zen eta negoziazioak biharamunerako utzi zituzten. Oninek ez zuen garbi nori eman behar zion botoa, baina emandako hitzari ez diola hutsik egin argitu zuen.

Onin Udal Taldeak aldaketa nahi zuen, PNVk azken 20 urteotan kudeaketa egin ondotik. Talde bezala gai direla uste dute eta EAren babesa behar zuten. Argi utzi zuten ez direla saldu eta epe batean ez badira aldaketak ematen Udalean, bere esku dagoena eginen dutela helburuak lortzeko.

Aldi berean, argitu nahi izan zuten ez dutela EAJ udaletik bota. Hauteskundeetara aurkezten den talde orok garbi izan behar du bere lana herriarentzat lan egitea dela, boterean egon ala ez. Zinegotziek aukeratzen dute alkatea, eta kasu honetan, gehiengoaren konfidantza Koldo Erkiziak lortu du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun