Berako bestetako kartel iragarlea Unai Ruizek egin du

TTIPI TTAPA 2007ko uzt. 9a, 14:47

TTIPI TTAPA

Oraintxe San Ferminetan sartuta gaude, baina jadanik bertze herrietako bestak gain-gainean ditugu, eta hala, abuztuan ospatuko diren Berako San Esteban besten kartel iragarlea ezagutzera eman da. Egilea Unai Ruiz da. Udalak lehiaketa egin zuen eta aurkeztutako lan guztien artean garaile suertatu zen Unaiena.

Herriko etxe eta komertzio guztietan banatuko da bestetako programa eta horren azalean agertuko da Unai Ruizek egindako diseinua.

24 urte ditu beratar gazte honek eta arte ederretan lizentziatua da, Euskal Herriko Unibertsitatean. Kartela egin ahal izateko sistema informatikoa erabili du. Koloreek harridura sortzen dute. Normalki, gorri, txuri eta beltzak erabiltzen baitira, baina kasu honetan, bertzelako gamak erabili nahi izan ditu: urdinak, okreak eta bioletak.

Besten giroa islatu nahi izan du egileak bere lanean. Lehen aldia da Berako bestetako kartel lehiaketara aurkezten dela, baina mota honetako lanetan badu bertze esperientzia bat. Bilboko txotxongiloen jaialdirako kartel lehiaketara bere lana bidali zuen.

Berako bestetako suziria abuztuaren 2an jaurtiko da, baina hori baino lehen, aipatu moduan programa prestatu eta bidali behar da. Bitartean, Oihua argitalpena prestatzen ari da udala. Hau ere programarekin batera bidaltzen da etxe eta komertzioetara eta herritarrek egindako erreportaje eta artikuluak biltzen dira. Kultur batzordeak hasi zuen ekimena orain zenbait urte eta beratar guztiak animatzen ditu parte har dezaten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun