Ostiral eguerdiko 12:00etan lehertuko dira Lesakako San Ferminak. Baina bestak baino lehen, zenbait ekitaldi egin dira pasa den asteburuan. Ekainaren 29an Lesakako musika bandaren emanaldia izan zen, 30ean plater tiroketa, haurren pilota erakustaldia eta emakumeen arteko herri kirolak eta uztailaren 1ean Euskadiko soka tira txapelketaren finala 600 kilotan eta Baztan-Malerreka-Bidasoako gazteen X. trikitixa txapelketaren finala izan ziren. Hortaz, ekitaldiak ez dira bestetara bakarrik mugatzen eta bertze asteburu bat ekitaldiaz beteta egoten da.
Lesakako abesbatzak elkarrekin jaurtiko dute. Lesakako musika bandak 150. urtemuga ospatzen du aurten eta abesbatzak 25.a. Aitzakia ederra dute herriko bi entitateek eta hala, beren eskuetatik pasako dira lehenengo suziriak. Segida, txistulariek, soinulariek, Incansables txarangak, trikitilariek eta haur txikien danborradak girotuko dituzte herriko kaleak, arratsaldeko 17:30ean Tantirumairu euskal folklore taldearen ikuskizuna eta gauez dantzaldia izango da Triki ta ke taldearekin.
San Fermin eguna ekitaldiz betea heldu da eta bertzeak bertze hauek aipatuko ditugu, 8:30ean ezpatadantzarien meza ixila, 10.30ean udalbatza bertze agintariekin, ezpatadantzari eta musika bandarekin batera, herriko ikurrak aitzinean dituztela, herriko etxetik elizara abiatuko dira. Meza nagusiaren ondotik, Fermin zaindariaren irudiarekin herri guzitik prozesioa izanen da. Ondotik, Onin errekaren bi aldeetan Zubigainekoa dantzatuko dute. 18:00etan bezperak eta segidan, ezpatadantzari taldeak dantza saioa eskainiko du. 19:30ean bertso jaialdia Xabier Silveira, Maialen Lujanbio, Sebastian Lizaso, Unai Iturriaga, Jon Barberena eta Iñigo Olaetxeraekin. Gauez musika izanen da Tximeleta taldearekin.
Igandean peñen eguna ospatzen da. 12:00etan betizuak, 18.00etan peñen konzentrazioa, 20:30ean mariatxiak eta gauean diskofesta Imanolekin.
Astelehena haurren eguna da. Goizean Gorriti, betizuak, haurrentzako ikuskizunak, 18.00etan eskuzko pilota partidak, arratsaldez eta gauez kale musika maratoia Lesakako gaztik antolatuta, eta gauean dantzaldia Egan taldearekin.
Asteartea izanen da besten azken eguna. Ezkonduen eguna izendatu dute eta 11:30ean Nafarroako jotak, 18:00etan Eskol-ttikitik Txakainera kalejira eta 20:00etan jaitsiera izanen da, eguna Joselu anaiak taldeak jarriko duen musikarekin akitzeko.
Bestek aurreko urteko gastu beretxua izango dute, 80.000 euro eskas. Beti ere, aurten zertxobait aldatu da garbiketarekin arazoak izan dituztelako. Bertze urteetako enpresak berriz ere ez etortzea erabaki du, jendeak bere lana dexente oztopatzen zuelako eta ez zituztelako errespetatzen. Hortaz, azken momentuan beste enpresa bat kontratatu behar izan dute eta gainera, Bortzirietako Mankomunitatearekin aldaketak izan dituzte.