Igandean Lesakan Euskadiko lur gaineko 8x8 soka-tira txapelketako jardunaldia egin zen 600 kiloko modalitatean. Beti Gazte elkartea zen antolatzailea eta saioa suhiltzaileen parkearen gibeleko aldean egin zen. Parte hartzaileen artean bizkaitarrak ziren nagusi, sei taldeetatik lau bertakoak bai ziren. Bizkaitarrez gain, Mutriku eta Aresok parte hartzen dute.
Areso taldeak Euskadiko txapelketako lau kategorietan parte hartzen du. 680 eta 640 kilotako finalak dagoeneko jokatu dira eta talde nafarrak laugarren postua lortu du. Igandean 600 kilokoan emaitza hobea lortu zuen eta hirugarren sailkatzea erdietsi zuen. Kategoria honetako hurrengo jardunaldia uztailaren 7an, San Fermin egunean, jokatuko da Bizkaiako San Cristobal herrian. Finala, aldiz, Mutrikun izango da uztailaren 14an arratsaldeko 17:00etan. Josu Etxezarretak zuzentzen du Areso taldea eta parte hartzaileen artean Beñardo Iantzi lesakarra dago. Parte hartu zuten talde guztiei oroigarria eman zien Lesakako alkatea den Koldo Erkiziak.
Bestalde, Aizkolari txapeldunen ligako jardunaldia jokatu da igandean Bizkaiko Undurraga herrian.
Olasagasti, Arrospide eta Arria V.a lehiatu ziren. Lehenik, 45 ontzako enbor bat ebaki zuten parte hartzaileek eta kolpe gutxienetan ebakitzen zuenak eramaten zituen puntuak. Arrospidek 42 segundo behar izan zituen eta 2 puntuak eskuratu zituen, Arria V.ak 47 segundorekin puntu bat irabazi zuen eta Olasagastik 57 segundorekin, zero. Erlojuaren aurkakoa izan zen bigarren froga, eta 45 ontzako ebaki behar zuten. Arrospidek 1:11rekin 2 puntu eraman zituen, Arria V-ak 1:13rekin bat eta Olasagastik 1:18rekin bat ere ez. Hirugarrenean zutik eta etzanda 45 ontzako bi moztu zituzten. Arrospidek berriz ere bi puntuak eraman zituen 3:08an ebaki bai zituen, Olasagastik bat jaso zuen 3:43rekin eta Arria V-ak 3:44 egin zuen. Laugarrenean 60 ontzakoa ahalik eta azkarren ebaki behar zuten eta Arria V.a izan zen azkarrena 2:11rekin, Arrospidek 2:13an egin zuen lana eta Olasagastik 2:42an. Hortaz, 2 puntu eraman zituen Arria V.ak, bat Arriospidek eta zero Olasagastik. Azkenik, erdi luzetara, bi 54 ontzako eta bi 60ko moztu behar zituzten. Olasagasti izan zen azkarrena 7:40rekin, Arria V.ak 7:36 egin zuen eta Arrospidek 8:13.
Froga guztiak aintzat hartuz, Arrospidek 7 puntu eraman zituen 15:27rekin, Arria V.ak 5, 15:31ekin eta Olasagastik 3, 16:20rekin.
Hiru jardunaldiak kontutan hartuz, honela dago sailkapena:
1. Nazabalek hiru jokatu ditu eta 9 puntu ditu.
2. Larretxeak 3 jokatu ditu eta 7 puntu ditu.
3. Arrospidek 3 jokatu ditu eta 7 puntu ditu.
4. Arria V.ak 3 jokatu ditu eta 4 puntu ditu.
5. Azpilkuetak 2 jokatu ditu eta 2 puntu ditu.
6. Olasagastik 1 jokatu du eta puntu bat du.