Uztailaren 29an XVI. Migel Indurain zikloturista martxa egingo da

Goizalde URDANPILLETA 2007ko uztailaren 2a

2.000 txirrindulariren parte hartzea espero dute

Beratarra txirrindula elkarteak Nazioarteko 16. Migel Indurain zikloturista martxa aurkeztu zuen Iruñan ekainaren 28an. Elkartearen izenean, Enrike Irazoki presidentea eta idazkaria den Jose Mari Telletxea izan ziren agerraldian, eta hauekin batera, Nafarroako kirol eta gaztedi institutuko ordezkaria den Ramon Santesteban, Rural Kutxako Carmen Diez, Foru Poliziaren izenean Mario Zunzarren eta Migel Indurain bera.

Izen ematea internet bidez egin daiteke www.laindurain.com web orrian uztailaren 24 arte edo bestela, korreo bidez. Era berean, Berako Toki Ona kiroldegian jarriko den bulego iraunkorrean dortsala hartzean, uztailaren 28an arratsaldeko 15:30etik 21:00etara eta frogaren egun beran, goizeko 6:30etik hasi baino ordu erdi lehenago arte. Internet bidezko izen ematea bultzatu nahi dute, gehienbat azken egunean egiten dutenentzat, eta horretarako, Polar pulsometro bat eta Michelin kubierta batzuk zozketatuko dira internet bidez izen ematea egiten duten guztien artean.

Aurten ere bi ibilbide izango ditu martxak. Laburrenak 113 kilometro ditu eta luzeenak 186. Laburrenak ibilbide hau du: Bera, Sunbilla, Doneztebe, Legasa, Narbarte, Mugairi, Almandoz, Belate, Arraizko bentak, Alkotz, Iraizotz, Larraintzar, Orokieta, Saldias, Beintza-Labaien, Urrotz, Doneztebe, Sunbilla eta Bera. Luzean, aldiz, honako bidea prestatu dute: Beratik atera eta motzaren ibilbide bera Arraizko bentak arte, han Olagueraino joko dute, Egozkueko gaina, Eugiko urtegia, Artesiagako gaina, Irurita, Zigako gaina, Belate, Orokieta, Saldias, Doneztebe, Sunbilla eta Bera.
Martxaren egunean 200 lagun baino gehiago lanean egonen dira guztia ongi garatu ahal izateko.

Jan-edariei dagokienez, Belate, Orokieta eta Artesiagan jarriko dira. Kontrol hauetan 5.000 barrita energetiko, 700 kilo fruta( sagarrak, platanoak eta laranjak), 60 kilo menbrilo eta gailetak, eta edarietan: 9.000 botila freskagarri, 4.000 ur botilak, 5.000 ur litro eta 800 litro edari isotonikoak. Martxa amaitzen denean, parte hartzaile guztiei luntx bat eskainiko zaie ( urdai azpikoa, gazta, hestekiak eta espagetiak haragi xehatu eta tomatearekin).

Izena ematen duten guztiei opari desberdinez osaturiko poltsa bat emango zaie eta martxa oroigarri gisa, kamiseta. Iristean, datu guztiak ordenagailuan sartzen direnean, egindako denbora eta geratutako postua agertzen duen diploma pertsonalizatu bat emango zaie. 50 sari izango dira, kategoria ezberdinetako lehen sailkatu guztientzat. Hauek 14:30ean Kiroldegian emango dira. Gainera, parte hartzaileen artean 100 sari zozketatuko dira eta aipagarriena Cardgirus bizikleta.
Parte hartzaileen laguntzaileentzat doako bidai turistiko izango da eta plaza mugatuak direnez, izen emateko ordena errespetatuko da.
Gauean herri afari bat izango da Zalain jatetxean eta interesatuek uztailaren 15a baino lehen izena eman beharko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun