Euskal Herrian nahiz Katalunian ia 40 emanaldi egin eta gero, Mugaldekoak taldeak bere lehen etapari adio erranen dio emanaldi baten bidez. Orain ia 4 urte bidea Beran hasi zuten, eta orain ere leku bera hautatu dute agurrerako. Urte hauetan Mugaldekoak taldeak bere ibilbidea osatu du, eta horretan, adiskide eta laguntzaile aunitz izan ditu. Horietako batzuk larunbatean izanen dira Berako kultur etxean. Hala nola:Iñigo Telletxea baxua, Igor Telletxea bateria, Joseba Irazoki lap steel-a, Maddi Irazoki marrazkilaria, Estitxu Pinatxo kantaria, Petti kantaria, Begoña Rudi piano jolea eta Berako Labiaga ikastolako 3 haur kantari.
Musika eta literatura uztartzea izan da Edu Zelaieta, Raul Garcia eta Beñardo Goietxe, Mugaldekoak taldearen sortzaileen helburu nagusia eta urte hauetan, katalandar-euskaldun bat ere batu zaie, Jordi Serra. Azken honi esker, 3 emanaldi egin dituzte Katalunian.
Musika eta literatura uztartu dituen taldearen bidean, hiru mugarri nagusi egon dira. Batetik, egitasmoari hasiera eman ziona, Edu Zelaietaren Mugaldekoak poema liburua. Bertzetik, Xaretan izan ziren idazle euskaldunen eta katalanen arteko topaketak. Eta azkenik, Gaztelupeko Hotsak zigiluak argitara emandako Mugaldekoen disko-liburua.
Emanaldia larunbatean, ekainaren 30ean arratsaldeko 20:15ean izanen da Berako kultur etxean.