Igandean San Juan eguna izanen dela eta, eskualdeko fededunek hitzordua izanen dute Igantziko San Juan Xarren. Mezaren ondotik Igantziko dantzariek ikuskizuna eskainiko dute, eta Biltoki Ttikikoek ostatua paratuko.
Urtero bezala ekainaren 24an, gure eskualdeko hainbat fededun Igantziko San Juan Xarrera hurbilduko dira Saindua ospatzeko, eta hiru iturrietatik ateratzen den ura edateko, edo horrekin garbitzeko. Eguerdiko 12:00etan, Martin Legarrak, Igantzi eta Arantzako apezak, meza eskainiko du hiru iturrien gainaldean dagoen harpean. Ondotik nahi dutenek, ur sakratuan oinak mainatuko dituzte, eta behar den kasuan trapu batekin min edo gaitz baten gainean ura pasatuko, beti ere erabilitako trapua haitzen gainean utziz. Bertze batzuk nahiago izanen dute ur horretatik edan edo etxera eraman. Ohiturak dioenez, horko urekin garbitzeak edo horko ura edateak azalerako gaitzak sendatzen ditu.
Erlijio kontuak alde batera utziz, Igantziko dantza taldeko ertainek ikuskizuna eskainiko dute, eta Biltoki Ttikikoek, hala nola elkartean 14 eta 18 urte artean dituztenek, ostatua jarriko dute, pintxoak eta tragoak saltzeko eta diru pixka baten biltzeko.