Koldo Erkizia izanen da alkate datozen lau urteetan

Aitor AROTZENA 2007ko ekainaren 22a

EAko zerrendaburuak Onineko zinegotzien botuak hartu zituen ustekabean pleno istilutsuan

Tentsio handia eta ustejabeko handiagoa izan zen ekainaren 16ko zinegotzi eta alkatearen kargu hartzean. Hauteskundeetan boto guttien bildu zuen alderdia EA izan arren, EAko zerrendaburua, Koldo Erkizia, aukeratu zuten alkate. Hauteskundeak egin eta egun batzuetara EAk bere alde bozkatuko zuela jakinarazi zuen. Alderdi bozkatuena izanik, EAJ-PNVk gauza bera egin zuen. Onin Udal Taldeak, aldiz, ez zuen aldez aurretik bere bozken nondik-norakoa zehaztua. Berriki, gainerako alderdiekin hizketan ari zirela adierazia zuen, baita ANVrekin ere. Baliogabetutako botoei zegokion zinegotzia uzteko prest zirela ere erran zuten, baina hori nola egin hausnartu behar zutela. Azken asteak negoziatzen pasatu ondotik, bozkatzeko orduan ezustekoa eman zuen Oninek EAko Erkiziaren alde bozka emanez, eta ondorioz, Juan Fermin Mitxelena EAJko zerrendaburua alkatetzatik baztertuz. Kargu-hartze ekitaldira 40 bat herritar hurbildu ziren, gehienak ANVko botuen baliogabetzeen aurka protesta egiteko, eta botu horiei legozkieken zinegotzi-postuak bertzeek hartzearen aurka manifestatzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun