Iparraldeko Jokuen Torneoko bigarren jardunaldia heldu den igandean jokatuko da Igantziko pilotalekuan arratsaldeko 19:00etatik aitzinera. Lehenean bezala 6 modalitateetan jokatuko da, koxkor biltzea, ingude altxatzea, harrijasotzea, lasto altxatzea, txingak eta zakularien lasterketa.
Koxkor biltzean lehen jardunaldiko irabazlea Fernando Etxegarai izan zen baina Patxi Irazoki bere publikoaren aitzinean arituko da igandean, eta beraz beratarrari lanak emanen dizkiola pentsa daiteke. Ingude altxatzean, urte hauetan jaun eta jabe den Xabi Seinek ez luke arazorik izanen behar berriz ere garaipena lortzeko. Harrijostzean, Josetxo Urrutiak ez zuen aparteko zailtasunik izan lehen jardunaldia irabazteko. Gure eskualdeko ordezkari bakarra, Unai Bertiz 3. gelditu zen 3.375kgrekin. Igandean ikusi beharko da bere alde izanen den publikoaren aitzinean marka hori gainditzeko gai izanen den. Lasto altxatzean Xabi Sein nagusitu zen, baina Iñaki Bereau bi segundora gelditu zen, beraz pentsa daiteke bien arteko lehia polita egonen dela Igantziko jardunaldian. Txingetan aldiz, ez litzateke ustekaberik izan behar 15 plaza eginda Oskar Telletxea erraz nagusitu baitzen. Zakularien lasterketan, Igantziko taldea nagusitu zen bi segundorengatik. Igandea haien publikoaren aitzinean arituko direla, ez luke arazorik izan behar Berriozarko taldea berriro menean hartzeko.