Urte bukaerako besta ospatuko du igandean Labiaga ikastolak

ttipi-ttapa 2007ko ekainaren 21a

Goizeko 11:00tatik bazkaldu arte, futbol partida, erakusketa, antzerki emanaldia eta kalejira antolatu dute

Urtero bezala Berako Labiaga ikastolak urte bukaerako besta antolatu du, eta aurten, heldu den igandean, ekainaren 24ean, ospatuko dute. Horretarako guraso, bazkide, ikasle, ikasle ohi eta oro har nahi duten guziei irekiak diren hainbat ekitaldi prestatu dituzte goiz eta arratsaldez.

Eguna kirolarekin hasiko dute, goizeko 11:00tan DBHko bigarren mailako ikasleak, guraso eta irakasleen aurka lehiatuko baitira futbolean. Lasaiago ibili nahi dutenentzat ordu berean eskulanen erakusketa irekiko da Altzateko ikastolan. Eguerdiko 12:00etan, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleek antzerkia eskaini dute Herriko Kultur Etxean, eta ordu bat beranduago kalejira eginen da Iamoteneatik abiatuta. Bestari bukaera emateko denak batera bazkalduko dute, eta ondotik dantzatzeko aukera egonen da musikarik ez baita faltako.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun