Jende mordoxka batek parte hartu zuen III. Kirolaren Egunean

ttipi-ttapa 2007ko ekainaren 19a

Hurbildu zirenek, erakustaldiez gozatu ahal izan zuten, eta kasu batzuetan parte hartu

Hirugarren aldikoz, Berako eta eskualdeko herritar batzuk Kirolaren Eguna baliatu zuten ezagutzen ez zituzten kirol batzuk saiatzeko, edo dagoeneko ezagutzen dituzten batzuetan aritzeko.

Goizean, herri krosa korritu zen Altzateko karriketan barna. Helduetan aparteko arrakastarik ez bazuen izan ere, haurrek ilusioz beterik parte hartu zuten. Hauek lasterka ibiltzen ziren bitartean, kiroldegiaren barnealdean, ciclo indoor eta aerobika saioak eskaini ziren. Ciclo Indoor edo Spining bezala ezagunak diren kiroletan, barneko bizikleta baten gainean gorputzeko gaineko partearekin gimnastika egiten da. Azken urteetan, diziplina horrek gero eta zale gehiago bildu ditu, eta larunbat goizean ere hala izan zen. Aerobika aldiz, aspalditik ezaguna da, baina Kirolaren Egunean, horren bertsio modernoagoak eskaini zituzten, aeroboxe eta aerodance delakoak. Lehenean aerobikan borrokarako keinuak sartzen dira, eta bertzean dantzarako mugimenduak.

Arratsaldean, Kenpo Kai erakustaldia eskaini zuten, eta bestalde, eskubaloian aritzeko gogoa zutenentzat partida bat antolatu zen. Arratsaldeko 19:00etan El Pais Del Bidasoa Zesta-punta Txapelketako finalerdia Beran jokatzen zela, ordu bat goizago kirol hori saiatu nahi zutenek aukera paregabea izan zuten Altzateko plazan zesta-puntan aritzen diren kirolari batzuk ikastaro laburra eskaini baitzuten. Ekitaldi hauek herriko plazan iragaiten ziren bitartean, mendia eta motor kirolak gustukoak dituztenek, Lehen Zig Zag Moto-trial Txapelketa ikusi ahal izan zuten Ibardinen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun