Hogeita hamar bat haurrek parte hartu zuten joan den igandean Berako Ihizi eta Arrantza Elkarteak antolatu zuen haurrentzako arrantza txapelketan. Hogeita bost urte baino gehiago dituen ekitaldi horrekin gazteengan arrantzatzeko gogoa piztu nahi du elkarteak.
Igande goizeko 10:00etan 3 eta 15 urte arteko 30 bat haur bildu ziren Berako Ihizi eta Arrantza Elkarteak Alzaten duen egoitzan. Gehienak aholkulari gisa arituko zen haien aitatxiarekin hurbildu ziren, eta nola ez, behar zuten materiala guziarekin, kanabera, amu eta zizareekin. Ohi bezala, bi ordu izan zituzten ahal bezain bat amuarrain arrantzatzeko Berako alde zaharra zeharkatzen duen Zia errekan. Eguerdiak zirela elkartearen egoitzara itzuli ziren, eta bertan sari banaketa egin zen. Txapelketa bi mailetan banatu zuten, 10 urte bainoa zaharragoak eta 10 urte baino gazteagoak. Bietan lehen hiruek saria jaso zuten, eta gainerakoei dominak eman zitzaizkien. Txapelketa burutua zela, horren kari bildu ziren 80 bat lagunek, parte hartzaile, guraso eta aitatxi eta amatxiak barne, antolatzaileek prestatutako luntxaz gozatu zuten.
Elkarteko presidentea den Juan Otamendi adierazi zuenez, txapelketa aitzakia besterik ez da gazteengan arrantza, eta denbora berean kirol baten praktika sustatzeko. Gisa berean, bere ustez balio izaten du gazteek natura hobeki ezagut dezaten. Ikusiz zenbat aitatxi hurbildu ziren, heldu den urterako kategoria berri baten txapelketa antolatzea ez dute baztertzen hauei parte hartzeko aukera emateko.