Arrakasta polita izan du Zig Zag moto-trial txapelketak

ttipi-ttapa 2007ko ekainaren 18a

Aitor Iratzokik hirugarren bukatu du junior mailan, eta Luis Mari Oses 4. zaleen mailan

Larunbat arratsaldean moto-trial zale anitz bildu ziren Ibardingo mazeletan Tambarria moto klubak antolatutako Berako lehen Zig Zag txapelketa ikusteko. Proba bukatu bezain laster, Iker Lezetak eta Alberto Gomezek bike-trial erakustaldia eskainiko zuten gaineko aldeko aparkalekuan.

Txapelketa 7 zonatan banatu zuten eta parte hartzaile guziek 3 aldiz pasatu behar izan zuten. Zaila da asmatzea zenbat ikusliar hurbildu ziren baina zona guzietan 50 bat lagun baziren une oro. Parte hartzearen aldetik berriz, 60 bat izan ziren Ibardingo mazeletan lehiatzera etorri zirenak.

Kirol honen arauak azkenean oso errazak dira oina pausatzen den aldi oro puntuak galtzen dira. Berako Lui Mari Oses eta Aitor Iratzoki gure eskualdeko ordezkari bakarrak izan dira. Maila nagusian, senior mailan, Logroñoko Migel Angel Jimenez nagusitu da bat zenbakidun dortsal gorriarekin. Bigarrena Donostiako Diego Urreta izan da eta hirugarrena Carlos Montreal Corellakoa. Junior mailan lehen postua Suban Iragorrirentzat izan da, bigarrena Maialen Aizpuruarentzat eta hirugarrena Aitor Iratzokirentzat. Luis Mari Oses zaleen mailan aritu da eta 4. postua lortu du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun