Lesakako ANV gainerako alderdiekin negoziatzen ibili da

ttipi-ttapa 2007ko ekainaren 15a

Diotenez, batzuen jarrera baikorra izan bada, bertze batzuena kritikatzeko modukoa

Auzitegi Gorenak baliogabetu zituela eta, Lesakako EAE-ANV gainerako alderdiekin egon da udaleko lanean parte hartu ahal izateko emaitzen arabera zegozkion bi hautetsiekin. Edurne Rekondo zerrenda buruak dioenez, EAJ eta Onin Udal Taldearen jarrera baikorra izan da. EArena, aldiz, kritikatu du hitzetik ekintzetara ez direlako pasatzen.

EAE-ANV baliogabetua izan ez balitz 2 zinegotzi lortuko zituen Lesakako Udalean, Onin Udal taldeak 3, eta EAk 1. Heldu den legealdian, nola edo hala, banaketa hau errespetatua izan dadin ANVko kideek gainerako alderdiekin solastatu dira. Negoziaketa hauek nola joan diren eta oro har hauteskundeei buruz zer-nolako balantzea egiten duten jakiteko ANVren zerrendako lehendabiziko biekin egon gara. Edurne Rekondok erran digunez, emaitza baikorrak izan dira egoera kontuan hartuta. Bere irudiko legeztatuak izan balira boto gehiago lortuko zituzten. Negoziaketei begira, berriz, oraindik nola funtzionatuko duten ez badute argi, EAJ eta Onin Udal Taldearen jarrera ona izan da. EArekin, aldiz, kritikoagoa izan da “nahia adierazten dute baina ez dute praktikan jartzen”. Negoziaketa hauen emaitza ikusteko lehen aukera udala eratzean izanen da, eta Edurne Rekondok erran digunez, "ANVko bi kideek haien kargua hartzera joanen dira normaltasun osoz". Botoa eman dietenen eskubideak errespetatuak izan daitezen, zerrendako bigarrenak, Iban Maiak, deia luzatu die gainerako herritar guziei udaletxera bertaratzeko.

Larunbatean gertatzen dena gertatu, Edurnek dioenez, EAE-ANVren programa eta ideiak defendatzen arituko dira, Lesakaren alde eta Euskal Herriaren alde. Eginen duten lan gehiena herri maila izanen bada ere, Iban Maiak azpimarratu du Udalbiltzan ere arituko direla.

Heldu den legealdiari begira, emaitzen araberako udala eratu ahal izateko sinadura bilketa egiten ari dira egun hauetan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun