Alkaiagan zuen enpresa hetsi eta urte bat beranduago, Orsak, asfaltoa ekoizten duen enpresak, fabrika berria ireki nahi du metro batzuk haratago harrobiaren barnean. Proiektua ez da auzokideen gogokoa izan, eta azpiegitura muntatzen hasiak ez badira ere, dagoeneko biltzen hasi dira horren aurka egiteko.
Duela urte bat fabrika zaharra desmuntatu zuten, eta tramiteak hasi zituzten Armasa izeneko lekuan paratzeko, harrobiaren barnean. Erdi mugikorra den fabrika martxan jartzeko baldintza batzuk bete beharko badituzte ere, muntatzen hasten ahal dira horretarako baimena eman baitie Herriko Udalak.
Hala ere, proiektua ez da Alkaiagako bizilagun batzuen gogokoa. Harrobitik hurbil bizi den Jexux Tapiak erran digunez, fabrika zaharra 15 urtez jasan behar izan dute, eta esperientzia errepikatzeko ez dira prest. Alkaiagoak dioenez, jendea ez da ohartzen, baina fabrika zaharra lehen etxeetatik izugarri hurbil zegoen, eta lekuz aldatuta ere, berria berdin-berdin izanen litzateke. Alkaiagarraren arabera ez dira prest hainbat urtez jasan behar izan dituzten eragozpenak berriro jasateko.
Bestalde, Jexux ez dago batere ados udalak izan duen jarrerarekin baimena eman baino lehen ez baitu haien iritzia jakin nahi izan. Horretaz gain, auzotik ateratzen dituzten hainbat aberastasunen ordainik ez omen dute ikusten. Erran digunez, neurri batean baztertuak sentitzen dira.
Ikusiz, Herriko udalak kasu handiegirik ez ziela egiten, elkarren artean biltzea erabaki dute Alkaiagako bizilagunek, eta joan den igandean lehen bilera egin zuten. Jexuxek erran digunez arrakastatsua izan zen eta ia-ia auzoko etxe guzietako ordezkari bat bertaratu zen.